«Bost egun, bost gau» DIARIO DE NOTICIASen

Iñigo Roque Eguzkitza | Itzultzailea

"Etorkin portugesena errealitate ukatu bat izan da Euskal Herrian"

Miren Mindegia 2020-05-26
Katakrakek plazaratutako Manuel Tiagoren 'Bost egun, bost gau' lana aurkeztuko da gaur, 19.00etan, Iñigo Roque itzultzailearekin eta Amets Arzallus bertsolariarekin.

IRUÑEA – XX. mendearen bigarren erdian milioi bat inguru portuges gure mugetan gaindi Frantziarako bidean eraman zituzten kontrabandoan. Asko izan ziren, halaber, bertan lan egiten gelditu zirenak, gehienak baldintza kaxkarretan. Portugesen muga-pasaren argi-ilunetan murgildu zen Álvaro Cunhal (1913-2005), Manuel Tiago ezizenez, Fronteiras lanean, eta orain Katakrak argitaletxeak euskarara ekarri ditu bertako hiru ipuin, Bost egun, bost gau izenburupean bilduta. Lanak, alta, ez du kronika bat izan nahi, ez du giza eskubideen aldarri bat izan nahi. Klandestinitatearen itzalpean, elkar ezagutu gabe eta interes desberdinek bultzatuta une zehatz batean elkarren beharra duten pertsonaien arteko harremanean jartzen du begirada. Iñigo Roque Eguzkitza arduratu da ipuinen aukeraketa eta itzulpenaz, eta Amets Arzallusen hitzaurrearekin osatu da bilduma.

Tiagoren liburu hau XXI. mendeko prosa narratibo portuges nagusi-tzat hartu izan da, liburuaren gibelsolasean aipatu duzun bezala.

–Hori nik uste Krabelinen Iraultzaren garaian esan zen zerbait izan zela. Egilea militante komunista zen eta errealismo sozialista deitu zenaren bidetik idatzi zuen lana. Alde horretatik, bada estilo baten erakusgarri eta badauka asmo ideologiko oso argi bat. Baina beste irakurketa asko ere baditu. Bere sinplean, liburuan esaten ez denak balio gehiago du esanda dagoenak baino. Gibelsolasean ere aipatzen dugu nola Nafarroan bazegoen portuges trafiko handia, garai batean... Horretaz ere ikertu eta idatzi izan da baina beharbada ez behar bezainbeste. Badago Pablo Antoñanaren liburu bat, La cuerda rota, non portugesak ia-ia zama bezala tratatzen zituzten: behorrak nola pasatzen ziren iparraldetik hegoaldera, ba portugesak hala hegoaldetik iparraldera. Portuges horien ahotsa agertzea inportantea iruditzen zitzaigun, beraiei hitza emanez gainera.

Euskaldunok gure buruari lausotu diogun historiaren zati bat dela erranen zenuke?

–Emigrazioari dagokionez klasismo handia egon da beti, ez zaio berdin hartzen Ameriketako Estatu Batuetatik saskibaloian aritzera datorrenari edo portuges igeltsero bati. Garai batean, Erribera aldean uzta biltzera joaten ziren portuges jornalari asko zeuden, Bizkaiako enpresa handietan ere asko aritu dira lan-baldintza kaxkarretan... Bada errealitate ukatu bat Euskal Herrian egon den etorkin portugesekin, beraiekin eduki dugu harremana zalantzagarria izan delako. Ez gara sobera ongi portatu.

Historiaren pasarte horretaz lotsa-tzen gara?

–Bai, eta kontrabandista edo mugalariaren irudia oso erromantikoa da. Mundu ilun bat da, egon dira portuges pasan jardun dutenak, bidean asko hil egin dira... Hamaika lagun kotxe baten maleteroan ekartzea, pentsa zer izango zen. Liburuak, nolabait, zor hori kitatzen du. Egia da bertan kontatzen den muga-pasa, muga-pasa klandestino bat dela, militante komunista gaztetxo bat protagonista delarik. Mundu ilun hori protagonista gazte ameslari baten bitartez ager-tzen zaigu. Pasatzailea, aldiz, beste era bateko gizaseme bat da, instintu txar guztiak pizten dituena. Kontraste horrek ematen dio txinparta kontakizunari. Giro itogarri hori hemen Pirinioetan ere ez zen oso desberdina izango.

'Bost egun, bost gau' ipuinean, pertsonaien arteko harremanean jartzen du azpimarra idazleak: André, muga klandestinoki guru-tzatu nahi duen gazte komunista; eta Lambaça, pasatzailea, gizon ilun eta deserosoa. Harreman horretan, mesfindatza eta bakardadea nagusitzen dira.

–Bai, azkenean, sumatzen dena da gazte baten ikuspegi ameslaria. Berak elkartasun sena badu bidean topa-tzen dituen horiekin, emakumeei dagokienez adibidez. Burugabea iruditzen zaio nola tratatzen dituzten emakumeak, zein baldintzatan bizi diren, laborariekin duen harremana, prostituzioaren gaia... Eta pasatzailearen jarrera zinikoa da, erraza da Lambaça begitan hartzea. Baina, aldi berean, erakusten dio besteari zinismo horrek bizirik irauten laguntzen diola, eta ez dela hain zinikoa. Lambaçak bestea proban jartzen du, soka tenkatzen du bestea zenbat aguanta-tzeko prest dagoen ikusteko. Azken batean, berak komunista garrantzi-tsu bat eramatea espero zuen, eta gaztetxo bat agertzen zaio aurrean. Zinismoaren atzetik taupaka dagoen bihotz bat badagoela erakusten du, hala ere.

Pasatzailearen zergatiak ulertzea, berarekin enpatizatzea zaila suertatzen den arren, bada zerbait horretara bultzatzen duena irakurlea. Kontrabandistaren figura hori erromantizatzearen ondorio izan daiteke?

–Azkenean, kontrabandoa jende askorentzat soldata bat ateratzeko modu bakarra zela pentsatu behar dugu. Ikaragarri pobrea zen Portugal, elizaren eta estatuaren menpe, erabat azpigaratua zegoen. Egoera horretan, Lambaçak kontraste hori erakusten du: herriko gizaseme batek horrelakoak egin behar dituela bizitza atera-tzeko. Gainera mutil gazte idealista bat datorkio, seguruaski ikasketak dituena, hirikoa, familia onekoa... Idazleak bere burua erakusten du protagonista gazte horretan, nolabait.

Bildumari izenburua ematen dion horretaz aparte, beste bi ipuin labur ere aukeratu dituzue.

–Bai, bata batez ere Euskal Herria aipatzen delako. Barregarri samarra da eta aldi berean larritasun bat ere eragiten du, hain zuzen erakusten diguna zer nolakoa zen Pirinioak gurutzatzea. Bigarren ipuina gehitu dugu klaustrofobia sentsazioa eragitea lortzen duelako, polizoiaren paper horretan. Liburua in crescendo buka-tzeko modua zela pentsatu genuen. Fronteiras izeneko liburu batetik atera ditugu hiru ipuinak. Benetako gertakarietan oinarritutako ipuinak dira eta iruditu zitzaigun bere bitartez ere nolabait protagonista gurera ekar-tzen genuela, bidaia osoa eginez.

Euskal literaturan gai honen inguruan oso gutxi argitaratu izan da. Hutsune bat dagoela deritzozu?

–Gehienbat jorratu den gaia Ameriketara joan ziren artzainena da, baina gure etxetik pasatu direnei dagokionez, ez dago asko. Miñan dago orain, noski, baina bestela ez dago asko. Gibelsolasean aipatzen ditudan Trekuren bertsoak irakurri nituenean (basoan hilda aurkitu dituzten portuges batzuren kasua bertsotarako gai-tzat duela) izugarrizko zirrara sortu zidan ikusteak zein gaitasun gutxi zeukan gizonak hunkidura pixar bat ere erakusteko etorkinen inguruan. Xalbadorren kasuan, ordea, atzematen da beste hurbiltasun bat. Baina lekukotasun horiek irakurtzerakoan portugesak nolabait ere kosifikatu egiten zirela atzeman nuen.

Gurera etorritakoen ahotsak bilduko dituen literatura bat existitu beharko litzateke?

–Akaso bai. Euskal Herrian, Iruñeko Txantrea auzoan adibidez, nafar jatorriko bezainbeste izanen dira Extremaduratik etorriak, eta hori euskal literaturan ez dakit zenbateraino jaso den, nik esango nuke oso gutxi izan dela. Jon Maiak idatzitako Riomundo hor dago, baina ezer gutxi gehiago. Erronka hori badago. Etorkinen seme-alaba asko euskaraz hezten ari dira eta beharbada, egunen batean, idatziko dituzte halakoak. Nik neuk ere baditut Portugaldik etorritako arbasoak. Liburu hau itzultzea, nolabait, eurek egindako ahalegin horri ordaina emateko modu bat izan da. Baina literatura mestizo-txikano hori falta da, literatura enpatizatzeko bidea ere badelako.

Libro: