Salgaien zerrenda

«Calla y olvida» BERRIAn

Antropologoa eta kazetaria
Andrea Garcia Gonzalez: «Mugiaraztea da helburua, kolektiboki indarkerien gainean lan egin dezagun»
Emakumeen ahotsei lekua emanez eta arreta normalean jartzen ez den tokietan jarriz, elkarri entzutea sustatu nahi du Garciak ‘Calla y olvida’ liburuarekin, mugiarazteko, indarkeriaren jatorria ezagutzeko eta eraldatzeko.
Andrea Garcia Gonzalez antropologo eta kazetaria. MARIANA REYES
2024ko otsailaren 04a

Euskaraz egin ezin izanaren «frustrazioarekin», gaztelaniaz idatzi du Calla y olvida (Ixo eta ahaztu, Katakrak) liburua Andrea Garcia Gonzalez antropologo eta kazetariak (Madril, Espainia, 1979). Nahiko luke liburua elkarrizketa eta eztabaida sustatzaile izatea. ETAren su etenaren osteko egoera soziopolitikoaren analisitik abiatuz eta entzuketa zaurgarriaren bitartez, «deserosotasuna habitatzera» deitzen du, hori izan litekeelakoan giltza bestea ulertzeko atea irekitzeko, norberarengan aldaketak eragiteko eta askotariko indarkeriak desagertzeko.
Izenburua liburuko pasarte batetik atera duzu. Asun Lasari «ixo eta ahaztu» esaten dio amak, Jesusa Arostegik, Lasa inkomunikazio alditik atera ostean. Zergatik eraman nahi izan duzu hori izenburura?

Asun prozesu jakin batetik dator, eta prozesu hori bera, berriz, beste indarkeria batzuk sufritu dituztenekin hitz egin ahal izatetik. Baimena eman zion bere buruari lehenik arreba moduan pairatu zuena kontatzeko –GALek Joxean Lasa anaia bahitu, torturatu eta hil zuen– baina, era berean, baimena eman dio bere buruari amak ez egiteko esan zion hori bera egiteko.

Joxean Lasa sasira joan ostean atxilotu zuten Asun. Inkomunikaziotik atera ostean, babesteko, maitasunarengatik, amak aholkatu zion isiltzeko eta ahazteko. Eta Asunek, topaketa askoren ostean eta prozesu bat egin ondoren, erabaki zuen torturak eraman zuen toki huts hartatik ateratzea. Izenburuak lotura du, gainera, biktimen elkarte askok gatazka armatuarekin zerikusia duten testuinguruetan aldarrikatzen dutenarekin, modu probokatzailean. Eskatzen dute ez ahazteko eta ez isiltzeko gertatu diren indarkeriak, berriz ere gerta ez daitezen.

Emakumeen ahotsez osatu duzu. Zergatik?

ETAren su etenaren osteko prozesu politikoa aztertzen ari nintzen: ahots hegemonikoak gizonenak ziren, eta adierazteko eredu jakin batzuk zituzten. Zeri ematen zaio balioa? Zer oroitzen da? Zer ulertzen da mugarri historikotzat? Egiten ari nintzen landa lanean bazeuden emakumeen ahotsak, eta sakonago erreparatu nahi nien haiei. Horiei balioa ematea nire erabaki politikoa izan zen, baina asmoa zen emakumeek bizi izan zutenari ere balioa ematea. Normalean jartzen ez den tokian jarri nahi nuen arreta.
Entzuketa zaurgarria erabili duzu metodo gisa. Zertan datza?

Liburua irakurtzeko proposamen gisa aurkezten da, eta baita gure gizartean bizi ditugun indarkeriei heltzeko proposamen politiko gisa ere. Horra heldu nintzen galdera hau eginda neure buruari: nola ireki gaitezke indarkeria diferenteak entzun eta haiei aurre egiteko? Uste dut entzuketa hori ez dela hain erraza.

Gloria Anzalduak eta Donna Harewayek planteatzen dute nondik mobiliza gaitezkeen, zer den pauso bat ematera premiatzen gaituena. Ezagutza kokatua da, nik ere aitortzen baitut nire abiapuntua. Alegia, posible da bizi garen gizartean nik indarkeria asko jasatea, baina era berean, sustatu egiten ditut indarkeria batzuk. Begiratu behar dut zer toki betetzen dudan gizartean, zer pribilegio ditudan, indarkeriazko zein dinamika sostengatzen ditudan... hori guztia auzitan jartzeak mugiarazi nazake, eta horixe da entzuketa zaurgarriaren helburua: gu mugiaraztea, era berean mugimendua sor dadin eta kolektiboki indarkerien gainean lan egin dezagun.
Diozunez, bestetasuna eraiki izan da indarkeria horiek gerta daitezen. Azalduko zenuke?

Bestetasuna tartean badago, hau da, beste pertsona gutxietsiz gero, askoz ere aukera gehiago dago indarkeria sortzeko. Lehenik, ez dudalako entzun nahi beste pertsonak zer bizi duen; eta bigarrenik, bizi ditugun dinamiketan gutxietsi ditzakegunen artekotzat jotzen dugulako pertsona hori.
Zure ustez, nola apurtu liteke bestetasuna eraikitzeko modu hori?

Glencreeko topaketak izan ziren adibide bat –motibazio politikoko hainbat biktima elkartu ziren modu diskretuan Glencreen, Irlandan–. Han egon ziren bi pertsonak aireportuan topo egin zuten gero, eta hegaldia galdu. Denbora horretan, beste gauza batzuk partekatu zituzten, eta topagune bat aurkitu.

Beste adibide bat da ETAkoa izatea egotzita preso dagoen bat bisitatzera doan PPko pertsonarena. Beren artean gertatzen dena ez da bakarrik kristalaren alde batetik bestera hitz egiten dena. Topaketa horietan, norbait kartzelara iristen da laguna bisitatzera, eta, handik ateratzean, laguna atzean uzten du; pertsona horrek bizi dezakeen barne eraldaketa ez da zertan gertatu bakarrik hitzen bidez. Begiradek, keinuek... zeresan handia dute. Uste dut bakerako praktiken erreferenteak behar ditugula. Arreta eguneroko praktiketan jartzen badugu, aukera gehiago daude ulertzeko beste era batera bizi gaitezkeela.

Enpatiari modu kritikoan begiratzen diozu. Zergatik?

Egon liteke jendea enpatia entzuketa zaurgarri gisa ulertzen duena; hori hala bada, zoragarri. Enpatia auzitan jartzen dut bestearen larruan jartzeko ilusio gisa proposatzen denean, perspektiba paternalista batetik egin bailiteke hori: ‘Ados, zer gertatu zaizun kontatzen ari zara, baina zu zara hauskorra, hori zuri gertatu zaizu eta’, hortik ez dut ezer auzitan jartzen, ez dut sakontzen horren atzean dagoen guztian, dinamika horrek ez dit laguntzen indarkeriari heltzen egoera hori eraldatzeko moduan.

Nire analisiaren arabera, lekukotza horiek askotan sufrimendutik abiatuz adierazten dira, eta sufrimendu handia egon da, baina memoria sufrimenduarekin guztiz estalia dagoenean, benetan gertatu den horren zer errepresentazio geratzen zaigu? Nire proposamena hortik doa. Sufrimenduak entzun, baina tokia egin eguneroko indarkeria alboratzen zuten eta gozamenezkoak ziren beste praktika batzuei ere.
Dei egiten duzu deserosotasuna habitatzera. Azalduko zenuke?

Ulertzen dut liburua irakurtzea deserosoa izan daitekeela, eta nik ere ikerketa egiteak eragin zidan deserosotasunetik abiatuz idazten dut. Landa lana egin nuen ETAren biktimen senideekin, euskal presoen senideekin, tokian tokiko bizikidetza lantzen ari ziren elkarteekin, memoriari buruzko lanketan ari zirenekin, Foro Sozialarekin...

Perspektiba zabal horretatik, bakoitzak bere begirada dauka, eta, askotan, talka egiten zuen nirearekin, desorekatu egiten ninduen, eta pentsarazten zidan ez nuela ideologia ainguraturik, bat edo beste entzunez gero balantza egiten nuen eta. Nor bere segurtasunetatik ateratzea deserosoa da, baina, era berean, orduan sentitu nuen deserosotasuna habitatuz ikas nezakeela gehien. Deseroso nengoela onartu, eta ihes egin beharrean mugitu nauen horri entzuten badiot, ireki egingo naiz, eta bestea gehiago ulertu.
Gorputzean ere jarri duzu arreta.

Gorputzari arreta jarriz gero, distortsionatu egiten da iragana zer den eta etorkizuna zer. Osatze prozesu horiek ez dira linealak gorputzean. Litekeena da osatze prozesu horiek ondo bideratu izana zerbaitek hortik ateratzen lagundu dizulako, baina denbora iraganda ere, ustez gainditua zen bizipen lazgarri harekin konekta dezakezu.

Nire ustez, arazotsua da pentsatzea indarkeriek modu linealean eragiten dutela gorputzean. Eta, ulertzen badugu ez duela zertan lineala izan, modua izan dezakegu elkarri hobeto ulertzeko eta zer moduz gauden galdetzeko aurrerantzean ere. Uste dut garrantzitsua dela espazioak sortzea entzuteko eta galdetzeko.
Zer iritzi duzu kontakizunak ezartzeko moduei buruz?

Letra larriz idazten den historiarekin apurtu nahi izan dut, egunerokoan azpimarra jarrita. Proposatu nahi nuen aldi soziopolitiko hau aprobetxatzea indarkerien arteko loturei buruz hitz egiteko; izan ere, indarkeria pairatu dutenek askotan uste dute pertsonalki bizi izan dutela, eta horrek urrundu egiten ditu aitortzatik eta garrantzi sozialetik. Adibidez: emakume batek kontatu zidan Madrilen zeudela, Auzitegi Nazionalaren inguruetan, inkomunikatuta zegoen anaiaren berrien zain, beldurrez, ez zekielako torturatuko zuten, espetxeratuko zuten... eta eskuin muturreko talde bat gerturatu zitzaiela irainka. Kontatu zidan autora itzuli zirenean konturatu zirela arropa guztia lapurtu zietela.

Harentzat, hori izan zen bizi izan duen unerik bortitzena. Biluzten zaituen zerbaiten modura bizi izan zuen indarkeria hura, ikaragarri zaurgarri uzten zaituen zerbaiten pare, eta horrek gakoak ematen dizkigu indarkeriak nola diharduen ulertzeko, eta, behin ulertuta, hari aurre egiteko. Anaia inkomunikazioan izanda hutsala iruditzen zitzaion hori kontatzea, baina hori ere bada Ixo eta ahaztu. Bakoitzaren esperientziak kontatzea inportantea da, eta gainerakoek entzutea ere bai.
Zergatik planteatzen duzu hori guztia prozesu kolektibo gisa?

Deserosotasuna habitatzeak eta balantza egiteak zera esan nahi du, kontzientzia indibiduala hartzea. Baina ireki eta entzuteko prest jartzen garenean, besteekin elkartu beharra daukagu, kontzientzia hartzea eragiten duen mugimendurako. Prozesu horretan beste beldur batzuk etortzen dira, eta zaila da besteek babesten ez bagaituzte, garrantzitsua baita onartua sentitzea. Bestela, hasierako eserleku erosora itzul gaitezke, eta hortik abiatuz zaila da ezer aldatzea. Liburuaren proposamena ez da itxia: proposatzen da sustraietara doazen elkarrizketak elkarrekin irekitzea, eta zer egituretan bizi garen auzitan jartzea.



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak