«El arte de no ser gobernados» en LE MONDE DIPLOMATIQUE
Abenduak 20 Ostirala
'The Surgeon and the Shepherd' liburuaren gaztelerazko edizioa aurkezten ari da Meg Ostrum idazlea Euskal Herrian. Bigarren Mundu Gerra eta Pirinioak ditu oinarri. Liburuan ageri diren hainbat toki ezagutzeko ibilaldiak antolatu dituzte astebururako.
Meg Ostrum, atzo, Iruñeko Katakrak argitaletxean, ingelesezko, frantsesezko eta gaztelerazko edizioak ondoan dituela. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iñaki R. Mendoza
2024ko maiatzaren 21a
Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugan, teleferiko bati konektaturiko zerrategi huts bat. Horixe baliatu zuen belgikar erresistentziak naziengandik ihesi zihoazen errefuxiatuak mugaz bestaldera pasatzeko. Iratiko epopeia izenez ere ezaguna da bertan jazotakoa, eta horixe baliatu zuen Meg Ostrum idazle estatubatuarrak (Cleveland, 1952) berrogei urte geroago, kasualitatez, The Surgeon and the Shepherd [Kirurgialaria eta artzaina] buru hausgarria osatzen hasteko.
Liburuan diozu istorioak zu aurkitu zintuela.
Bai, guztiz. 1983ko azaroa zen, eta oporretan nengoen nire lagun Del Keppelmanekin. Mendira gindoazen, besterik gabe, eta ustekabean egin genuen topo Bigarren Mundu Gerran Pirinioetan gertatu zenarekin.
Kasualitatez izan zen, beraz.
Bai. Behorlegi mendira [Nafarroa Beherea] igo nahi genuen, baina Mendibeko [Nafarroa Beherea] Bernard Erdozainki apezak esan zigun arriskutsua izan zitekeela, eguraldiagatik; bere etxera gonbidatu gintuen, eta, Boston (AEB) ingurukoak ginela esan genionean, harritu egin zen: hara bizitzera joan zen monsieur Perot delako oftalmologo belgikar batez hitz egin zigun, antza nazien aurkako erresistentzian Mendiben aritu zen heroiari buruz. Apezari esan nion karta bat idatzi nahi bazion nik egin nezakeela mezulari lana, garai hartan Bostonera sarritan joaten bainintzen, begiko gaixotasun bat tratatzera. Apezak, ordea, ez zekien heroi haren benetako izena; beraz, izena jakin gabe ekin nion gizon misteriotsu hura bilatzeari. Ordea, nire lankide batekin kasualitatez hitz eginez jakin nuen nor zen: Charles Schepens kirurgialaria.
«Mendibeko zerrategi abandonatua biziberritzeko aitzakia erabili zuen Schepensek, iheslariak mugaren bestaldera ezkutuan pasatzeko»
Eta liburua idaztea erabaki zenuen.
Bai, baina hasieran erabaki nuen bidaietan jazotzen diren ustekabeekin istorio liburu bat idaztea.
Zerk aldarazi zizun iritzia?
Monsieur Schepensen eta nire arteko antzak. Mendibera iristean, biak ginen arrotzak; gure bizitza berrasmatzera gentozen, eta 30 bat urte genituen. Zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta txundigarriagoa zen dena. Halaber, antiheroien urrezko aroan jaio nintzen, eta ustezko egiazko heroi baten zertzeladak parez pare izateak are gehiago liluratu ninduen.
Euskaldunen leialtasunak, indar fisikoak eta hitz jario urriak harritu zuen Schepens. Zerk harritu zintuen zu?
Jende guztia loturik zegoela, nola edo hala. Denek ezagutzen zuten elkar; ibarrak bakarturik zeuden, bakoitzak bere identitatea zuen, baina, halere, konektaturik zeuden guztiak. Halaber, Ameriketara joandako indianoen kontuak ere txunditu ninduen, Euskal Herriaren eta AEBen arteko loturak, hain zuzen ere.
«Errefuxiatu horiek mugalariek gidatzen zituzten: Jean Sarochar 'Manech' Lehen Mundu Gerrako beteranoa izan zen ezagunena»
Zerk lotzen zituen Jean Sarochar artzaina eta Charles Schepens kirurgialaria?
Alemaniarren —eta, konkretuki, nazien— aurkako gorrotoak. Belgikar erresistentziako Zero sarean laguntzen zebilen Schepens, eta Mendibeko zerrategi abandonatua biziberritzeko aitzakia erabili zuen iheslariak mugaz bestaldera ezkutuan pasatzeko. Errefuxiatu horiek mugalariek gidatzen zituzten: Jean Sarochar Manech Lehen Mundu Gerrako beteranoa izan zen ezagunena.
Sarochar eta Schepens dira protagonistak, baina heroitasuna kolektiboa izan zela esan izan duzu.
Horixe. Liburuari esker ikasi dut heroi ororen atzean badagoela halako sare bat, haren helburuak erdiesteko ezinbestekoa dena. Emakumeek osatu ohi zuten sare hori nagusiki; medikuaren emazte Cette Schepens erabakigarria izan zen operazioen arrakastan.
Hogei urtez aritu zinen liburua ontzen. Zailtasun asko izan zenituen?
Bai. Dena den, zailena izan zen istorioa nola kontatu erabakitzea. Hasieran, pentsatu nuen Mendibe herriaren historia izatea muina, baina ez neukan nahikoa informaziorik; beraz, Sarocharren eta Schepensen arteko aliantza bitxia hartu nuen ardatz. Hamaika aldiz elkarrizketatu nuen Schepens, eta pertsonaiari bizitza emateko adina informazio bildu nuen. Ordea, Sarochar 1975ean hil zen, eta zaila izan zen haren pertsonaiari bizia ematea kontakizunean. Bi pertsonaien arteko desorekak kezkatzen ninduen. Ez nengoen batere ziur, baina azkenean lortu nuela uste dut.
«Kirurgialariaren emazte Cette Schepens erabakigarria izan zen operazioen arrakastan»
2003an argitaratu zenuen liburua, ingelesez.
Bai, AEBetako jendeak uler zezan, baina frantsesera itzuliko zuten itxaropenarekin, mendibetarrek eta gainerako protagonisten ondorengoek ere uler zezaten. 2011n itzuli zuten frantsesera, eta, iaz, gaztelerazkoa ondu zuten. Dena den, kontakizuna ez da amaitu: liburuak argitaratu ahala, konturatu naiz gauza batzuk ez nituela guztiz zehazki jaso; beraz, edizio bakoitzari zuzenketak eransten dizkiot. Gaztelerazko bertsioa da orain arteko zehatzena. Ederra izanen litzateke euskaraz ere irakurri ahal izatea. Dena den, oraindik asko dago argitzeko; istorioa ez da amaitu. Bizitza oso bateko proiektua izan da kontakizun hau osatzea.
Zer eman dizu liburuak?
Gerra garaian izandakoez hitz egin ahal izatea ene aitarekin. Espioiak harrapatzen zituen Bigarren Mundu Gerran, Hego Pazifikoan. Gutxi gehiago nekien nire aitaren abenturez, baina liburua ontzeak lagundu zidan hark gerran izandako esperientziak ulertzen.
«Ederra izanen litzateke euskaraz ere irakurri ahal izatea»
Datozen egunetan Iruñean, Bilbon eta Donostian izanen zara.
Bai. Gaur, Iruñean; bihar, Bilbon; eta etzi, Donostian. Halaber, Mendibe eta Orbaizetako [Nafarroa] ihesbideen inguruko Sans Nom Sarea dokumentala ere emanen dugu Donostian, eta zenbait ibilbide gidatu ere eginen ditugu asteburuan: maiatzaren 25ean, larunbatean, Taplako pasabidetik Iratiko etxeetara [Nafarroa] joanen gara; ondoren, liburua aurkeztuko dugu, eta segidan, bazkaldu. Igandean, Donibane Garazitik Lekunberrira [Nafarroa Beherea] joanen gara, eta Mendibeko zerrategia ikusiko dugu gero, besteak beste. Katakrak argitaletxea, Zaraitzuko Batzarra, Aezkoako Batzar Nagusia eta Otsagabiko Naturaren Interpretazio Zentroa izan dira antolatzaileak.
LOTSABAKO
Hitz bat euskaraz?
Bai hitza.
Mendibeko tokirik kutunena?
Ardohain hotela.
Inoiz ahaztuko ez duzun zerbait?
Mendibe inguruko mendi batean izandako sutea.