Salgaien zerrenda

«Emakumeak, kultura eta politika» DIARIO VASCOn

Angela Davisen iraungitze-datarik gabeko ekarpenak

'Emakumeak, kultura eta politika' testu-bilduma euskarara ekarri eta plazaratu du Katakrak argitaletxeak
NEREA AZURMENDI
Viernes, 5 octubre 2018, 10:02

Feminismoaren, feminismoaren inguruko jakin-minaren eta, horren guztiaren ondorioz, literatura feministaren goraldi garaiotan, bizi-bizirik daude Angela Y. Davis (Birmingham, 1944) irakasle, pentsalari eta ekintzaile estatubatuarraren lanak. Azken urteotan, etengabe ari dira berrargitaratzen eta hainbat hizkuntzatara itzultzen haren libururik ezagunenak. Euskarara ere ari da iristen.
2016an, Angela Davisen inguruan egin zuten bat Iruñeko Katakrak Liburuak argitaletxeak eta Elkar eta Jakinek sortu berria zuten Eskafandra ekimenak. Azken hori Davisen lanik ezagunenetakoa den 'Emakumeak, arraza eta klasea' lanarekin abiatu zen (1983ko 'Women, Race, & Class', Danele Sarriugartek euskaratua). Katakrakek, aldiz, azken urteetako hitzaldi eta testuak biltzen dituen 'Askatasuna, etengabeko borroka bat. Ferguson, Palestina eta mugimendu baterako oinarriak' liburua argitaratu zuen.
Han eta hemen esan eta idatzitakoak biltzen dituen lana da, halaber, Katakrakeko Hedoi Etxartek ostegun honetan Donostian aurkeztu duen 'Emakumeak, kultura eta politika', datari dagokionez 'Emakumeak, arraza eta klasea'-tik hurbilago badago ere. Izan ere, iragan mendeko 80ko hamarkadan emandakoak biltzen ditu. 1984an argitaratu zen aurrenekoz eta, liburuaren kontrazalean irakur daitekeen moduan, «1990an eman zuen behin-betiko bertsioa».
Atzoko eta gaurko gatazkak
Aspaldiko kontuez ari da, beraz, jatorri, izaera eta estilo desberdineko 18 etan. Ez ziren elkarrekin egoteko sortuak, unean uneko eskaera eta jarduerei lotuak baizik. Halako batean, ordea, ama bisitan joan zitzaion Angelari, eta ikusi zuenean zenbat denbora ematen zuen eskolak, hitzaldiak, hedabideetarako artikuluak eta beste prestatzen, liburu batean biltzea gomendatu zion. Halaxe egin zuen, eta orain, Katakraken ekimenari eta bost itzultzaileren lanari esker, euskaraz ere badugu bilduma. Itzultzaile horiek dira Fermin Zabaltza, Itziar Diez de Ultzurrun, Xabier Olarra, Estibaliz Lisazo, Joxemari Berasategi eta Hedoi Etxarte bera.
Oso anitzak dira gaien aldetik hiru ataletan sailkatuta dauden testuak: Emakumeak eta berditasunaren eta bakearen bilaketa; Nazioarteko gaiak eta Hezkuntzaz eta kulturaz. Denetarikoak daude halaber tamainari dagokionez. Lau orrialde behar ditu, esaterako, 'Emakumeak 1980 hamarkadan: atzerapausoak eta garaipenak'-erako (hitzaurre bat da). 'Emakumeak Egipton: ikuspegi pertsonal bat', berriz, 1985ean argitaratutako kronika mardula da.
Testuak idatzi ziren iragan mendeko 80ko hamarkada urruti dago. «Jada existitzen ez den mundu batean» esandakoak eta idatzitakoak daude jasota bilduman. Hala ere, testuaren gaia edozein dela ere, «segituan pizten zaizu bonbilla», eta estutu egiten da erabat denbora-arrakala. Kontrazalean dioten bezala, «liburu hau ez da arkeologia soil bat. Liburu hau eskola bat da munduko gatazkak edota artelanak ikusten ikasteko». Atzoko gatazkak eta gaurkoak; urrutikoak eta gertukoak, libururatu dituzten Hondarribiko azken alardeko argazkiek (Asier Pérez-Karkamorenak dira) iradokitzen duten moduan. «Kulturari buruz idatzitakoek ez dute kadukatu, eta familiari buruz egiten dituen gogoetak ere izugarri aktualak dira», nabarmendu du Etxartek.
Aspaldikoak izanagatik, hortaz, Angela Y. Davisen ekarpenek ez dute iraungipen-datarik, ez gaien aldetik, are gutxiago estiloarenetik, «oso dibulgatiboak» baitira, «irakurtzeko atseginak, freskoak, edonorentzat modukoak». Saldu ere ondo saltzen omen dira. Izan daiteke, batetik, Angela Davis XX. mendeko ikono nagusietako bat delako, eta 'fan' askok hura hobeto ezagutzeko interesa dutelako. Baina hori ez litzateke nahikoa izango Davisen erakargarritasuna bermatzeko haren testuak -baita iraganekoak ere- ez balira lagungarriak XXI. mendearen bigarren hamarkadan barrena nabigatzeko. Etxarteren ustez, orain dela ia 40 urte «Angela Davisek sekulako intuizioa izan zuen, jakin zuen aurrea hartzen, eta badago irakurle bat badakiena haren eskutik oso urruti iritsiko dela».



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak