Erreseina Harkaitz Canoren «Fakirraren ahotsa»ri

Harkaitz Cano, FAKIRRAREN AHOTSA, Susa: 2018

2019tik begiratuta harrigarria da Fakirraren ahotsa eleberrian kontatzen dena. Fakirraren ahotsa euskal saltsako azken mende erdiaren spin off bat da. Harrisku handiko ariketa kirurgikoa: denboratik pertsonaia bat hautatu eta pertsonaiarekin hamarkada batzuk kontatu. Spin offa oso ariketa galbidetsua da. Eta horregatik, Fakirraren ahotsak ustekabeko ondorioak sortu ditu liburu dendetan. Zeren Fakirraren ahotsa nobela bat da eta, ordea, sortu dituen solasaldietan entzun izan dugu «ez, hori ez zen hala izan zeren ni neu ez-dakit-non ez-dakit-zertan izan nintzen eta halakok esan zidan»… Fakirraren ahotsa nobela bat da nobelaren adiera harriskutsuenean fikziotik errealitatea ulertzen laguntzen digulako.

Baina zer da Fakirraren ahotsa eta zergatik iruditu zaigu merezi zuela sari hau? Bada, Fakirraren ahotsa istorio klasiko bat delako. Kontatzen digu Imanol Lurgain pertsonaiaren goraldia, umotzea eta eroriko luze eta, zergatik ez esan, eroriko luze, luzeegi, tristea. Eleberri onenetan bezala atzean dagoen gaia ebidentea da baina irakurleak ez du onartu nahi zein den. Fakirraren ahotsa abeslari eta kantugile bati buruzko nobela bat da, baina, bereziki abesteari buruzko nobela bat da, ahotsa aurkitu, garatu eta galtzeari buruzko nobela bat da. Zeren abesteko arau batzuk bete behar dira eta arau batzuk hautsi behar dira. Hausten diren arauen parte da esaten dena nola esaten den. Eta Fakirraren ahotsak estilo propio bat dauka, «Noski, Trotski!». Fakirraren ahotsak estilo bat dauka filmetako pertsonaia batek hizkera bat, azentu bat, daukan modu berean. Eta liburua irakurtzean, ahoa forma aldatzen joango zaizu, pentsatzeraino Fakirraren ahotsako hizkera dela hizkera arrunta. Liburuko errepikapenak, liburuko kadentziak, direla ohiko kadentziak eta errepikapenak.

Fikzioak iragana eraldatzen du. Fikzioak iragana sententziatzen du. Ez dakigu Imanol Lurgainen jatorrizko pertsonaiak nola eta norekin ikasi zuen abesten. Orain arte ez dugu aipatu, baina honezkero badakizue Imanol Larzabalez ari garela hizketan. Zeren ez genekien Imanolek bere ahotsaren bilaketan ze solasaldi izango zituen. Ez genekien bere erbesteko egunetan ze pasadizu zehatz gertatuko zitzaizkion. Ez genekien norekin zebilen mahats-biltzan. Baina orain badakigu. Zeren lehen ezagutzen genuen Imanolen ahotsa, bere abestiak, bere LPak, bere egunkarietako elkarrizketetako sententziak, bere mitoak. Baina orain, mitoaren kontra, literatura iritsi da. Eta literatura da, jendeak pentsatu eta nola esan ez dakizkienak esaten dituenean, inork espero ez duen isileko epailea.

Artea, zinea, musika, etxeak, ahateak, Donostia, maitasuna, haragia, borroka armatua, Franco, Salvador Allende, Frantzia, Frantzia, Frantzia, poesia. Honezkero han eta hemen aipatu dute jada, Fakirraren ahotsa gorpu bihurtzen dihoan gorputzari buruzko eleberri bat da. Bizitzari buruzko nobela bat da, eta horregatik merezi du irakurtzea eta eztabaidatzea. Zeren «bizitzarik gabe ez zagok ezer».

Ezin aipatu gabe utzi Xabier Gantzarainen azal ederra. Erdi orban, erdi zakur.

German Esparza

Libro: