Un solete
Irailak 02 Astelehena
MUNDU MODERNOAREN SORRERA. KONTAKIZUN GLOBAL ETA EKOLOGIKO BAT. XVI. MENDETIK XXI. MENDERA ARTE
(Robert B. Marks, EHU, 2015 Bilbo)
Zergatik izan zen Britainia Handia industrializazioaren sorlekua? Zergatik gertatu zen Europan? Nola sortu zen mundu aberastu eta txirotuaren arteko arroila? Galdera klasikoak dira hauek, eta galdera horiei erantzun egokiak ematea historiografiaren eta ekonomiaren erronka nagusienetakoa izan da. Azalpen klasikoek britainiarren balizko nagusitasuna izan dute erantzunaren ardatz moduan, paradigma eurozentriko bat finkatuz.
Azken hamarkadetan, baina, berriztapen historiografiko nabarmena gertatu da. Eta bi izan dira paradigma klasikoak gainditzeko ekarpen nagusiak: alde batetik, historia global berritua, Asiaren indar ekonomikoa perspektiba historikoan aztertzen duena, eta bestetik, ingurugiroarekiko harremanak ardatz moduan hartzen dituen ekonomia ekologikoa.
Horiexek dira, alegia, Marksen sintesi interesgarri eta zorrotz honen iturburu nagusiak. Orrialdeotan industriaurreko munduaren konplexutasuna ezagutzeko aukera izanen dugu, zeinean asiarrak ziren nekazaritza, hirigintza eta artisautza eraginkorrenak. Eta konplexutasun horretan nazioarteko merkataritza harremanak, estrategia inperialistak eta baliabide natural berriak eskuratzeko aukerak aztertzen ditu. Industrializazioaren jaiotza eta garapena testuinguru global horretan ulertzen ditu. Horrekin batera, historiaren indar nagusiak eguneroko bizitzan protagonismo handia izan duten hainbat elementuekin batera aztertzen dira orrialdeotan: arroza, kotoizko oihalak, tea, azukrea, petrolioa...
Beraz, biziki gomendatzeko moduko liburua da hau, gaurko munduaren ezberdintasun ekonomikoen sustrai historikoak modu pedagogikoan zein sofistikatuan azaltzen dizkigulako. Irakurri ahala, noski, galdera berriak sortuko zaizkio irakurleari, eztabaida berriak irekiko dira... Horiexek baitira, alegia, liburu onen ondorio interesgarrienak!
Fernando Mendiola
16,00 €
Eskuragarri 4-5 egunetan