Prólogo de «Lo que Engels no podía saber»
Azaroak 13 Asteazkena
Elkarlana, ilusioa eta ezjakintasuna
Hamar urte bete dira Iruñeko Katakrak ireki zutenetik. Argitaletxea, ostatua eta liburu denda izateaz gain, eztabaidak pizteko topagunea ere bada.
Olaia L. Garaialde
Iruñea
2024ko urtarrilaren 12a
«Hautsa», «ilusioa», «kaosa», «elkarlana», «militantzia», «handinahia», «konpromisoa» eta «hotza». Horiek dira Katakrekoko kideei gogora etortzen zaizkien zenbait hitz sorreraz mintzatzen direnean. «Erronka beti izan da eustea, eta lortu dugu. Mirari bat da gaur egun Katakrak dagoen bezala ikustea», esan du Hedoi Etxartek, Katakrak kooperatibako kide eta langileak.
Proiektua sortu baino lehen, Iruñeko Kuria kaleko La Hormiga Atomica kafetegian eta liburu dendan aritzen zirenek beste jauzi bat eman zuten, eta proiektu handiago batean murgildu. Hamabost pertsonaz osatutako batzar bat egin zuten, eta auzolanaren bidez Katakrak sortu zuten duela hamar urte.
Iruñeko Kale Nagusiko 56. zenbakiko erakusleihoan liburu mordoa dago, eta atarian upel formako bi mahai daude. Katakrakera sartu, eta ikusten den lehen espazioa taberna da, baina barrura jarraituz gero liburu denda ere dago lehenengo eta bigarren solairuetan. Azkenik, ekitaldiak antolatzeko areto bat dago.
Duela hamar urte, Iruñeko lokal gehienak Iruñeko Udalarenak zirenez eta udalak ekitaldiak antolatzeko betoak ezarri zituenez, ia ez zegoen espaziorik ekitaldiak antolatzeko. Horregatik, horietako asko Katakrakeko areto nagusian egiten ziren. «Betoek jende asko umezurtz uzten zuten. Uste dut Katakrakek ate hori irekitzeak eragin duela udalak ere leku batzuk irekitzea eta inspirazio iturria izan dela», esan du Etxartek.
1
Kantina
Katakrakera sartu, eta ostatua da ikusten den lehenengo gauza. Maitane Unzu, Katakrakeko langile eta kooperatibista, proiektua martxan jarri berritan kantinan sartu zen. Kontatu du «intentsitatez» eta «ilusioz» bizi izan zuela sorrera: «Ezjakintasunaren ausardiarekin horrelako proiektu bat sortzea ikaragarria da. Hasi zirenei jendeak esaten zien erokeria bat zela, eta ez zela ongi aterako». Horrekin batera, «emankorra» izan dela esan du: «Ikaragarria da funtzionamendu asanblearioan eta horizontalean zenbat gauza ikas ditzakegun».
Katakrakeko kantinako zenbait langile, sukaldean. IÑIGO URIZ / FOKU
Katakrakeko kantinako zenbait langile, sukaldean. IÑIGO URIZ / FOKU
Gainera, hasieran ez zekiten ongi nola funtzionatzen zuen ostalaritzak, baina bidean ikasiz joan dira: «Ordutegirik gabe hasi ginen; etortzen ginen eta eguna salbatzen genuen». Denborarekin, ordutegia, lan banaketa eta etorkizuneko begirada txertatuz joan dira. Gaineratu du ostalaritzarekiko «erromantikoak» zirela, eta lan baldintzak irauli nahi zituztela: «Ikusi dugu oso zaila dela gaur egungo sisteman ostalaritza baldintza duinetan egitea eta jendea gustura egotea».
Bat egin du horrekin Izaskun Matak, Katakrakeko kooperatibista eta langileak, eta «ostalaritza xumea» nabarmendu. Jendearentzat topaleku bat izatea nahi dute: «Oso polita da ostegun batean Katakrak jendez lepo ikustea. Ez da pintxo potea ederra delako, baizik eta elkarteetako kideak etortzen direlako, eta kafe baten prezioaren truke hiru orduz solasean egoten direlako».
Kantina martxan jarri zutenean «oso argi» zuten elikadura burujabetzaren alde egin nahi zutela. Orduan, Nafarroan zenbait proiektu zeuden elikadura burujabetzaren alde egiten zutenak, hala nola Lakabe eta Landare. Hala ere, gaur egun baino informazio «gutxiago» zegoela azaldu du Unzuk: «Sarearen parte ginen, baina hasieran ez genekien ongi nora jo, eta astean bitan Landarera jaisten ginen orgarekin. Laguntzeko prest zeuden beti».
Urteekin, ikusi dute ez dela uste bezain erraza bide horri jarraitzea: «Lehen, askoz puruagoak ginen, eta gauza ekologiko gehiago genituen, baina bidean ikusi dugu prezio sozialak eskaintzeko malguagoak izan behar dugula». Hortaz, eskaintza moldatzen ari dira prezioek eragin negatiborik ez izateko bizilagunengan: «Batzarretan beti egon dira eztabaida sakonak prezioaren inguruan, kontzienteki erosten dituzunean gauzak askoz garestiagoak direlako». Horregatik, otorduak ahalik eta irisgarrien izan daitezen, menu prekarioa daukate: «Ez daukanari oinarrizko otordua ematen zaio baldintza berberetan»·
Unzuk gaineratu du kosta egiten zaiela «ongi» azaltzea zer den elikadura burujabetza: «Oraindik jendeak ez daki kafea ekologikoa dela, bidezko merkataritzakoa eta beste. Horregatik, prezioengatik kritikak jaso ditugu». Horri dagokionez, Matak esan du jendeak soilik prezioari erreparatzen diola: «Ez dute jakin nahi non produzitzen den, zer kalitate duen edo beste gauza batzuk». Hortaz, elikadura burujabetzaren eta beste ostalaritza ereduen inguruan hausnartu eta ikasi behar dela uste dute.
2
Liburu denda
Kantinaren atzean ezkutaturik, eta aldi berean agerian, liburu denda dago. Mostradorearen atzean igaro ditu azken urteak Xabier Maeztuk, Katakrakeko kooperatibista eta langileak. Lehenengo urteetan kantinan egon zen, baina azken urteetan liburu dendan aritu da bereziki. Kontatu du hasieran «oso lanpetuta» zeudela: «Ez ginenez profesionalak, asko kostatzen zitzaigun gauzak egitea». Hala ere, urteekin ikasi eta profesionalizatuz joan dira: «Katakrak bezalako proiektu bat ez zen aurrera aterako militantziarik gabe».
Xabier Maeztu, Katakrakeko liburu dendan. IÑIGO URIZ /FOKU
Xabier Maeztu, Katakrakeko liburu dendan. IÑIGO URIZ /FOKU
Batzuetan oharkabean pasatzen den arren, Maezturen ustez «harribitxi» bat da Katakrak: «Denda itxura duenez, denda bezala ikus dezakezu, baina sakonago begiratuz gero, leku berezi bat da, ezohiko gauzak aurkitu ditzakezu eta». Izan ere, Katakrakeko kideen asmoa da lekua egitea beste denda batzuetan ez dauden liburu kritikoei: «Oso nobedadera bideratuta dago dena, baina gure helburua da fondoa sustatzea». Gaineratu du liburu bat saltzen ez denean dendetako joera liburua suntsitzea izan ohi dela: «Liburu asko gillotinatu egiten dituzte azkenean, baina, gure ustez, duela bi urteko testu bat ona bada ez dugu zertan suntsitu».
Horrez gain, euskaldunen topagunea ere izan dela azaldu du: «Ez zen helburu horrekin jaio, baina euskaldun askok sentitu dute beren etxea dela». Gainera, Katakrak sortu zutenean, lokal asko Iruñeko Udalarenak ziren: «Katakrak existituko ez balitz, hitzaldi garrantzitsu asko ezin izango ziren egin, Iruñeko Udalak oso politika zentsuratzailea baitzuen».
3
Argitaletxea
Proiektua hasi berri, eta oraindik egonkortu gabe zegoenean, duela zazpi urte, argitaletxea sortu, eta beste hanka bat gehitu zioten proiektuari. Nerea Fillat Katakrakeko kooperatibista eta langileak kontatu du sarean edo merkatuan ez zeuden liburuak sortzeko «grina handia» zutela: «Argitaletxeak Katakrakeko marka dauka gure funtzionatzeko modua beti izan delako pasioek eta desirek bultzatua».
Kantinan bezala, ofizioak nola funtzionatzen zuen ezagutu behar izan zuten: «Argitaletxe bat muntatzen ikasi behar izan dugu; hala ere, beti defendatu dugu saiatzeko eta hanka sartzeko autonomia». Urte hauetako esperientziari esker, harreman «hobea» dute saltzaileekin, «hobeto» maketatu, eta hobeto ulertzen dute liburuen ibilbidea: «Ikusi dugu liburuak babesten ditugunean ibilbide luzeagoa dutela».
Etxartek esan du lehenagotik liburu denda izanak lagundu diela argitaletxearen bidea zein izanen zen jakiten. Gaineratu du segurki tokirik «onena» dela liburuen katea ulertzeko: «Harremana duzu erosleekin, banatzaileekin eta argitaletxeekin. Gainera, liburu denda batean bazaude, presio handia jasaten duzu beste agenteen aldetik, eta beste testuinguru batean irakurriko ez zenukeena irakurtzen duzu».
Hedoi Etxarte eta Nerea Fillat, Katakraken, liburuz betetako kutxekin. IÑIGO URIZ / FOKU
Hedoi Etxarte eta Nerea Fillat, Katakraken, liburuz betetako hainbat kutxarekin. IÑIGO URIZ / FOKU
Fillatek azpimarratu du La Hormiga Atomicari eta Katakrakeri esker lortutako esperientziarengatik «argi» zutela sektoreak nola funtzionatzen zuen, eta «nahiko begirada zorrotza» zutela: «Horrek ez du esan nahi beti asmatu dugunik». Horregatik, argi zuten batez ere saiakera liburuak landuko zituztela. Hortaz, gaztelaniaz eleberriak eta saiakerak ekoitzi, eta saiakerak euskarara itzuli dituzte, batez ere.
Ilusioaz lan egiten badute ere, zenbait beldur ere badituzte; esate baterako, jende gutxik irakurtzea euskarazko itzulpenak. «Berrogeita hamar, berrogei edo hogei urtean euskarara itzultzen duten argitaletxeak egon balira, beste gauza bat izango zen. Baina gutxi dagoenez, askok erdaraz irakurtzen dute», esan du Etxartek.
Argitaletxea sortu zutenean, uste zuten beste argitaletxe batzuk eta Katakraken antzeko proiektuak sortuko zirela, baina Fillatek dio ez dela bete espero zutena: «Geure bururari galdetu beharko genioke zer gertatzen ari den Katakrak gehiago ez sortzeko». Etxartek bat egin du horrekin, eta deigarria egin zaio ezohikoa izatea argitaletxe asko sortzea: «Mundua duela hogeita hamar urte baino ilunagoa da, eta horrek eragin beharko lukeen ausardia falta da. Zergatik ez dira azken hamarkadan beste bost argitaletxe sortu?».