«El algoritmo paternalista» en la SER
Abenduak 04 Asteazkena
KRITIKA. Literatura
Nagore Fernandez
2024ko maiatzaren 5a
'Herriaren hezkuntza eta demokrazia'
Idazlea: Nadezhda Krupskaia.
Itzultzailea: Leire Azkargorta.
Argitaletxea: Katakrak.
Hezkuntzaz eta hezkuntzaren historiaz dihardu Nadezhda Krupskaiaren Herriaren hezkuntza eta demokrazia saiakerak. Leire Azkargortak euskaratutako eta Katakrak etxeak argitaratutako obra 1915ean idatzi baina, bi urte geroago, 1917an argitaratu zen lehen aldiz, eta hurrengo urteetan pare bat edizio izan zituen. Bertan, hamalau kapitulutan zehar, XVIII. mendean hasi eta XX. mendera arteko hezkuntzaren bilakaeraz eta ekonomiarekin izandako betidaniko loturaz hitz egiten digu autoreak, baina oso ikuspuntu zehatz batetik: sozialismoak gidatuta, errealitatearekin zerikusia duen eta praktikan oinarritzen den sistema pedagogiko bat aldarrikatzen du herriarentzat. Idazlearen beraren hitzetan, praktikan oinarritu beharrean, liburuetan soilik oinarritzen den eskola, finean, hori baita: «Ikasleen nortasuna ezabatzen duen eskola eta, kanpotiko diziplina zorrotzaren bidez, ikasleak makina soil bihurtzen dituena ematen zaien informazio-kantitate amaigabea jasotzeko». Izan ere, Krupskaia sobietar iraultzaren alaba izan zen, eta errotik barneratu zituen iraultzaren aurretik, bitartean eta ondoren gizartean zabaldu ziren ideologia eta aldarrikapenak, hain non bere arlora ere eraman baitzituen.
Egia da saiakeran proposatzen diren aldaketa pedagogikoak, hezkuntza metodoak egungo begiekin ezin direla modu berean ulertu, ezta ere modu berean aplikatu egungo gizartean. Irakurleak argi izan behar du, hortaz, ezin dezakeela liburua bere eguneroko betaurrekoekin irakurri. Dena den, XX. mendean idatzitako testua izanagatik, oso aurrerakoia iruditu zait, are, gaur egungo gizarte globalizatu eta kontsumista honetarako ere. Alde horretatik, egungo hezkuntzaz pentsatzeko eta zer-nolako eredua daukagun hausnartzeko balio duen testu bat dela esango nuke.
Saiakera bat dela aipatu dut gorago, baina, saiakera dibulgatiboa baino, saiakera tekniko edo zientifikoagoa den inpresioa izan dut, eta hori, abantaila izan daiteke, baina, helburua zein den, oztopoa ere bai. Argitaletxeak eta itzultzaileak testu serio eta ondo argudiatutako bat hautatu dute, zeina, testu zientifikoetan nola, adituen aipamen, argudio eta bestelakoz hornituta dagoen. Horrek zientifikotasuna ematen dio obrari, baina, aldi berean, irakurketa exijenteago bat ere eskatzen. Ondorioz, ez nioke edozein irakurleri gomendatuko: gaiaren inguruan ezagutza minimo batzuk dituen eta testu zientifikoetara ohituago dauden begiei bai; irakurketa lasaiago eta azalekoago bat espero dutenei ez horrenbeste. Aspaldi honetan iruditzen zait Katakrak etxeak saiakera zientifikora gehiago lerratutako obrak ekarri dituela euskarara, eta ondo deritzot euren hautuari, euskarak halakoak ere behar dituelako. Aitortu behar dut, ordea, faltan ditudala zabalkundera, fikziora, edo, are, biografietara lerratutakoak ere.
Edonola ere, onartu beharra dago argitaletxeak hizpide dugun testuarekin begi ona izan duela: bai obraren garrantziari erreparatuta, baita itzultzaileak egin duen lan bikaina kontuan izanda ere.