«Qué es el antirracismo y por qué significa anticapitalismo»ri iruzkina ERRIAn
Irailak 06 Ostirala
Aurrerapenez dator Katakrak. 2019ko urtarrilean beteko dira ehun urte Alemaniako sozialdemokraten aginduetara zeuden Freikorps paramilitarrek Rosa Luxemburg eta bere 32 burkide erail zituztenetik eta, hain zuzen, pentsalari marxista eta gerraren kontrako iraultzaile izan zen emakume honek kartzelatua zegoen artean idatzitako zenbait gutun bildu ditu Katakrak-ek Amaia Lasak euskarara ekarritako “Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti” argitalpenean.
Itzulpenaren atzean «istorio luze bat» dagoela azalduz hasi zuen aurkezpena Hedoi Etxarte Katakrakeko kideak. Izan ere, 1978aren ostean Parisen sortutako giroak ekarri zuen frantseserako itzulpena eta, hura esku artean, artean Nikaraguan «sandinisten iraultza bizitzen» ari zen Amaia Lasak euskarara ekarri behar zuela erabaki zuen. Hogeita hamar urte joan dira geroztik. «Liburua irakurri nuenean maitemindu egin nintzen bai liburuarekin eta bai Rosa Luxemburgekin ere», ziurtatu zuen Lasak, eta Susa eta Elkar argitaletxeen ezezkoak jasota –Susak gutun horietako bi argitaratu zituen beranduago–, argitaratzeari amore eman eta itzulpenak gordean izan ditu, harik eta 2016ko Durangoko Azokan Katakrak argitaratzen hasia zela jakin eta atea jo zien arte.
Hala ikusi du argia argitalpenak, baina behar izan du egokitzapenik. «Berrikusten hasi nintzen eta euskara zenbat aldatu den konturatu nintzen... Egun, zenbait esaldi agian ez ziren ulertu ere egingo eta, gozatuz, berregiten joan nintzen».
Izenburuak agerian uzten duan gisara, argitalpenak Luxemburg kartzelan zela Sophie Liebknechti bidalitako gutunak biltzen ditu. Etxartek gogora ekarri zuen 1920. urtean Jugend-Internationalek argitaratutako bildumak ohartarazia zuela Luxemburg «zientzialaria eta borrokalaria soilik ezagutzen duenak ez dituela ezagutzen bere izatearen alderdi guztiak. Bere kartzelako gutunek irudia osatzen dute. Rosa Luxemburgen jarraitzaileek eta borrokako kideek bere bihotz nekaezinaren aberastasuna ezagutzeko eskubidea dute». Esan hori bera biltzen du Katakrakek argitaratu duen bildumak eta gogora ekartzen du baita ere Luxemburg teorialaria ezagutu nahi duenak “Erreforma edo iraultza” (Federiko Engels Fundazioa, 2008) eta Lorea Agirreren “Rosa Luxemburg” (Elkar, 2000) biografia dituela eskura.
“Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti” bilduman, bestelako Luxemburg bat ezagutuko du irakurleak eta, Etxarten hitzetan, «uko egin nahi badio norbaitek Rosa Luxemburgen ekarpen honi uko egiten dio bere ekarpen osoari».
Lasak nabarmendu zuenez, Sophie Liebknechti idatzi zizkion gutunetan natur zientzienganako maitasuna adierazten du Luxemburgek eta, Etxartek gaineratu zuenez, orotara 50 animaliari egiten zaio erreferentzia «eta migrazioez ere ari da, animaliek elkar laguntzeko duten gaitasunaz migrazio hori posible izan dadin». «Edertasunaz ere badihardu, musikaz, literaturaz, bizitzako une ederrak oroitzeaz edo txorien kantuez», zehaztu zuen Lasak.
Argitalpenak Ignazio Aiestaranen hitzostea ere badakar eta, bertan, hiztegi formatuan, Rosa Luxemburgek politikaren arloan egindako ekarpena islatzen da, hasi sozialismotik eta feminismoraino, Liga Espartakistatik pasata.