Salgaien zerrenda

Liburuaren egunaz BERRIAn

Ospakizun giro ozpina

Liburu dendak itxita eta ohiko azokak egin ezinda heldu da aurten Liburuaren Nazioarteko Eguna. Aurrez makal zegoen sektorea, eta krisialdi honek kinka are estuagoan jarri ditu liburu saltzaileak; kezkaz begiratzen diote honen ondotik etorriko denari. Bitartean, sareen bitartez jo dute ohiko irakurleengana.
2020ko apirilak 23

Ohi baino sartu-irten gehiago liburu dendetan, azokak, arrosak, literatura albistegietan eta liburuen aldeko mugimendu ezohiko bat. Hala girotu ohi da han-hemen Liburuaren Nazioarteko Eguna, baina oso bestelakoa izango da gaur paisaia: liburu dendak itxita eta dendariak eta irakurleak konfinatuta. «Oso konplikatua da deskribatzen momentu hau». «Nola gauden? Ba, triste eta beldurtuta». «Egoera gogorra da, katastrofikoa ia. 'Normaltasun berria' diote, eta horrek beldurtzen du». «Jada minduta zegoenari emandako beste kolpe bat da». Hori da sektoreko giroa orain, Nerea Fillat Iruñeko Katakrakeko kidearen, Imanol Agirre Zarauzko (Gipuzkoa) Garoako dendariaren, Ines Garcia Donostiako Tobacco Days saltokiko langilearen eta Gexan Sors Elkarreko Komertzial eta Marketin arduradunaren ahotan. Itxita dauzkate saltokiak, gainontzeko komertzio txiki guztiek bezala, baina eurena aurretik ere makal zebilen sektore bat dela diote. Fillat: «Borondate handia eskatzen zuen sektore bat zen, eta, ziur aski, ahulago geratuko da. Agian ez da gertatuko, baina beldur naiz dena erortzen ikusiko ote dugun».

Liburu dendetan «modu estruktural» batean igarriko da ate joka den krisi berria, Katakrakeko kidearen esanetan: «Diru gutxiago egongo da zirkulazioan, eta ekonomikoki oso gaizki geratuko den jendearentzat kultura ez da izango lehen mailako gastu bat. Horri gehitu behar zaio liburuaren kate osoak jasango duen krisi partikularra: argitalpen asko zintzilik gelditu dira, eta hurrengo hilabeteetan ez da egingo ez azokarik, ez kultur ekitaldi handirik. Gogorrena da ez jakitea nola kudeatu bihar hori». Liburuaren salmenta bestela ere «oso mugatua» dagoen negozio bide bat dela gaineratu du, eta gogora ekarri, Iruñean esate batera, hainbat liburu denda itxi direla azkenengo hamar urteetan.

2008an eztanda egin zuen krisi ekonomikotik oraindik burua guztiz altxatu ez duen industria bat da, Sorsek nabarmendu duenez. «2008tik hona berreskuratu ez den sektore bat da liburu kate osoarena. [Espainiako] Estatu mailan, %30 luze bat gutxitu da merkatua; horrek galera izugarria esan nahi du. Iaz bazirudien bazegoela joera positibo bat, nahiz eta urte hau ez genuen bereziki ongi hasi. Eta honek min handia egin du berriz». Zehaztu du, halaber, merkatu galera hori ez dela berdina hizkuntza bati zein besteari begiratzean. «Euskarak gehiago sufritzen du halakoetan; haren ikusgaitasuna askoz gehiago galtzen da».

Izan ere, orain koronabirusaren pandemia eta hark ekarritako itxialdia izan dira etena eragin dutenak liburu denden jardunean. Baina, honen guztiaren aurretik, eta bai bitartean eta ondorenean ere, beste mehatxu batzuen aurrean ere ari da sektorea berea defendatzen. Plataforma digital handiak dira horietan nabarmenenak, eta , Garciaren ustetan, krisialdi honek ohi baino ageriago utzi du bien arteko arrakala: «Guk itxi beharra daukagu liburua ez delako beharrezko produktu bat, eta, bitartean, Amazonen moduko munstro batek edo beste banatzaile batzuek doan bidaltzen dizkizute liburuak etxera. Hori mingarria da». Aitzitik, inguruan jendea «arduratsu» ikusten duela dio, eta, azken urteetan irakurzaletasunak izan duen beherakadarekin kontrastean, irudipena du konfinamendu garaian liburuek indar hartu dutela. «Dezenteri entzun diot inoiz baino gehiago irakurtzen ari dela. Denok ari gara beste bizi erritmo bat eramaten etxe barruan: irakurtzeak denbora eskatzen du, lasaitasun bat, kontzentratu ahal izateko eta gustura irakurtzeko. Eraman ohi dugun erritmoarekin, orokorrean, asko kostatzen zaigu halako momentu bat topatzea. Baina orain, bat-batean, horrelako aukera on asko ditugu».

Geldi, baina ideia bila

Eta ziurgabetasun zurrunbilo betean, liburuaren eguna gorriz egutegian liburu saltzaileentzat. Garciaren arabera, urteko datarik seinalatuena izaten baita haientzat diru poltsa betetzeko, Gabonekin batera. Gaurko egunez, Donostiako Gipuzkoa plazako liburu azokan behar luke berak, ale guztiak %10eko deskontuarekin saltzen. Denda itxi zuenetik, eskariak apuntatu bai, baina ez du bidalketarik egin. Segurtasun aldetik dudak sortzen dizkiola ere aitortu du, baina gaurko egunari begira eskaintza berezi baten berri eman du sareetan: asteon irakurleen eskariak jaso, eta %10 merkeago eskuratu ahal izango dituzte itzuleran saltokian. Gomendioak ere zabaltzen ari da sare sozialetan, «salmentak mugitzeko, jendea animatzeko», baina halako egoeran «sortzaile» izatea ere nekeza dela dio.

Pentsatzeko deserosotasun horri egin dio azpimarra Fillatek ere. Katakrakek salmenta digitalarekin jarraitu du asteotan, baina eskariak denda irekitzean jasotzeko baldintzapean eurak ere. Bidalketak egiten hasi ez hasi pentsatzen dabiltza, baina birtualki eztabaidatu beharra traba erantsia dela dio Fillatek: «Konfinamenduak baldintzatzen du eztabaidaren garapena eta ideiak sortzea. Jendearekin ezin egoteak, bilera guztiak Jitsi edo Skype bidez izateak... horrek pisua du gurearen gisako esparru batean, non saiatzen garen kontsentsu bidez funtzionatzen. Paradigma berriei aurre egiteko ere ez dira baldintza materialik onenak».

Zarauzko Garoan, berriz, proposamen berezi bat otu zitzaien gaurko egunari begira, eta, eskuetatik ihes egin diela aitortzen badu ere, erantzunak «argi izpi bat» itzuli diela dio Agirrek. Galdetegi bat zabaldu dute sarean, eta, erantzunen arabera, hark eta lankideak liburu bat pentsatu dute irakurlearentzat. 800 lagunek baino gehiagok erantzun dute galdetegia jada, eta haientzako liburu bana aukeratzen ari dira. «Ikaragarria izan da. Ez genuen pentsatzen hainbestera helduko zenik, eta orain hor gabiltza Excel orrian zeldak ikusi ere ez ditugula egiten. Konprometitu ginen liburuaren egunean erosle bakoitzak bere liburuaren inguruko pista bat jasoko zuela posta elektronikoz, eta orain egunak daramatzagu pistak idatzi eta pistak idatzi». Askotan defendatu izan duten liburu saltzailearen hurbileko eredua eta liburu denden komunitatea egiteko ahala babestuta ikusi dute hala. «Ez dugu funtzionatzen algoritmoen bitartez». Agirrek dioenez, askotariko egitasmoen bitartez lortu dute komunitatea egitea, eta horren garrantzia azpimarratu du, nahiz eta orain kezka izan noiz hartu ahalko dituzten proiektu horiek berriz. «Orduan, bai, beldurra badugu, baina, beste alde batetik, jaso ditugun erantzunekin, ohartu gara jendeak babesten gaituela. Gure aita harrituta dago: ez du ulertzen nola den posible liburuaren egunean denda itxita egon eta inoiz baino liburu gehiago saltzea». Agirreren gurasoek 1973an saltokia abiatu zutenetik, lehen aldia izango da aurten liburuaren egunean denda itxita egongo dena.

Data atzeratzea proposatu duenik ere bada. Sorsen esanetan, Herrialde Katalanetan ospakizuna uztailaren 23ra igarotzeko mugimendu batzuk egin dituzte, baina oraindik ez da ezer baieztatu. Aurtengo ospakizuna «besterik gabe» igaro beharko dela iruditzen zaio, egoerak hala behartuta. Martxoaren 14tik daude Elkarrek Euskal Herrian dituen hemezortzi saltokiak ere itxita, eta sareen bitartez bezeroengandik gertu egoteko lanetan dabiltzala dio Sorsek. «Ez soilik alderdi komertzialean: baita harremanen alderdia mantentzeko asmoarekin ere». Bi astez biltegia eta denda digitala itxita eduki ostean, berriz hasi dira webguneko eskaerei erantzuten.

Diru laguntzez harago

Sektoreak egin ditu jada lehen eskakizunak liburu kate osoaren egoera aintzat hartu eta neurriak onartzeko. Lan hori martxan dela, eta lehenbailehen artikulatzeko premia berretsi du Sorsek. Liburugintzaren industriak ere diru laguntzak beharko dituela argi dute denek, baina konponbide oro ez da bide horretatik helduko, ez Fillaten eta Garciaren ustetan. Liburu katearen katebegi bakoitzari egokitutako plan bat landu beharra ikusten du lehenak: «Ezberdinen artean eztabaidatu behar da, eta erabaki zer den onena denontzat, inguru guztiak aurrera egin dezan». Garciak, bestalde, herritarrek euren kontsumo ohiturekin duten eragiteko gaitasuna ere nabarmendu du: «Diru laguntzarik gabe ez gara hemendik aterako, bistan da; baina, aldi berean, denon esku dago txip aldaketa bat egin eta gertuko dendarien alde egitea». Har daitezkeen neurrien artean, gogora ekarri du Frantzian, esaterako, Amazoni debekatu egin zaiola liburuak banatzea itxialdi garaian.

Eskala txikian babesa lortzeko itxaropentsu dago Agirre, baina «gainetik» babes gehiago izatea sumatzen du faltan. «Egitura oso sendoak behar dira. Liburu denden %13 itxiko direla ari dira esaten, baina baietz gehiago itxi. Egoera oso beltza da; grisa ez, beltza».

Modu berean, une honek aukera bat ekar dezakeela ere uste du Fillatek, aukera bat kultura «lehen mailako inbertsio esparru bilakatzeko». Norabide horretan, politika «kolektibo eta publikoak» galdegin ditu. «Agian krisi honek aukera eman ahal digu kulturaren sektore osoa eta sor daitezkeen azpiegitura berriak birpentsatzeko, kultura toki gehiagotara eramango dutenak. Uste dut hortik joan beharko duela eztabaidak».



Gaiari buruzko artikuluak