«Idazketa labana bat da» GARAn
Azaroak 19 Asteartea
PROSTITUZIOA
Puta zikinak liburua sexu langileen baldintza materialez, burutazioez, antolakuntzaz eta problemez mintzo da. Nerea Fillatek eta Hedoi Etxartek, Katakrak argitaletxeko editoreek, Iruñean aurkeztu dute liburua.
Argazkia: Amaia Astobiza
Olaia L. Garaialde
2023ko maiatzaren 08a - 03:00
“Prostituzioan bitartekaritzarik gabe mintzatzen den liburu bat da; hau da, sexu langileek idatzitako liburu bat da, haien ahotsak, esperientziak eta eztabaida politikoak entzuten ditugu”. Nerea Fillatenak dira hitzak. Hedoi Etxarterekin batera Puta zikinak liburua aurkeztu zuten, joan den asteazkenean, Iruñeko Karrikiri elkartean.
Mac Juno eta Molly Smith sexu langileek idatzi dute liburua, eta Amaia Astobiza itzultzaileak euskarara ekarri du. “Irakurle talde feministara liburua iritsi zitzaigunean, ikusi genuen oso baliagarria dela feminismoaren gatazkarik garrantzitsuenetako bat kokatzen laguntzeko”, azaldu du Fillatek. Horrez gain, nabarmendu zuen liburu “asko” daudela prostituzioaren inguruan maila sinbolikoan aritzen direnak ideologiaren baitan, baina materialtasunetik “oso urrun” daudela.
Gaineratu du liburuak sexu langileen inguruko galdera berri “asko” planteatzen dituela; hala nola patriarkatuan emakume izateak dituen ondorioez mintzo direla ikuspegi “zabal” batetik. Horrez gain, ez da sexu lanen inguruko memoria bat edo sexu langileen bizipenak jasotzen dituen liburu bat: “Begirada politiko zehatz, konkretu eta kritiko batekin aritzen da sexu langileen baldintza materialen, haien burutazioen, antolakuntzaren eta problemen inguruan”.
Sexu industria “oso gogor” kritikatzen dutela nabarmendu du, eta esparru “sexista” eta “misoginoa” dela: “Esaten dute erasoak, atxiloketak, kartzelatzeak, etxegabetzeak eta deportazioak azaltzen dituela liburuak”.
Idazleek liburuan azpimarratzen dute sexu langileak direla, baina ez direla sexu langile guztien bozeramaileak, eta haien bizipenetatik idazten dutela. Hala ere, Fillatek nabarmendu du ahots “ugariz” osatuta dagoela liburua: “Leku guztietako ahotsak jasotzen ditu liburuak, eta baita ere beraiek bezala pentsatzen ez duten ahotsak ere”.
Liburuaren arabera hiru ardatzek baldintzatzen dute prostituzioa: sexua, lana eta mugak. Bakoitzari kapitulu bana eskaintzen diote liburuan
Liburuaren arabera hiru ardatzek baldintzatzen dute prostituzioa: sexua, lana eta mugak. Bakoitzari kapitulu bana eskaintzen diote liburuan.
Fillatek esan du sexuaren atalean sexu langileek azpimarratzen dutela haien aurkako gorrotoa “ideia misogino zaharretan” oinarritzen dela: “Ondorioz, esaten dute feminismoaren atal batek oraindik ideia misoginoak dituela, eta horregatik egiten dutela kontra, eta autonomiarik eta agentziarik ez diela ematen sexu langileei”.
Lanari dagokionez, liburuan aldarrikatzen dute sexu lana, lana dela; eta hortaz, lan eskubideak behar dituztela: “Esaten dute, lana denez baldintza materialez hitz egin behar dela, eta horrek esan nahi du negoziatzeko aukera izan beharko luketela”. Hala ere, argi dute lan guztiak “esplotatzaileak” direla.
“Autoreen aburuz, beren burua prostituzioan topatzen duten askok pobreziarengatik edo mugek sortzen duten baldintzengatik jotzen dute horretara”, azaldu du Fillatek. Eta gaineratu du, idazleen ustetan, haiek erabakia epaitzea utopia feministatik “urruntzea” dela: “Bilakatzen gaitu beste pertsona batzuen epaile, ez dugulako mugetan pentsatzen”.
Horrez gain, sexu langileek mundua nola dagoen antolatuta aztertzen dute liburuan. Ertz batean, kokatzen dute Espetxe nazioa; hau da, Amerikako Estatu Batuak, Hego Afrika eta Kenia, eta bestean, Ez dago konponbide errazik, Zeelanda Berriko eredua. Erdibidean, bestelako eredu batzuk.
Lehenengoari dagokionez, salatzen dute eredu “debekatzaileena” dela: “Etengabe sartzen eta ateratzen dira kartzelatik, ez daukate eskubiderik eta zaurgarri daude”.
Zeelanda Berrikoa aldiz “askatzaileena” dela diote: “Beti ere kakotx askoren artean”. Bertako ereduan, sexu langileak langileak dira, kotizatzen dute, sindikatuetan egoteko eskubidea daukate, medikuarenera joan daitezke: “Idazleen arabera, hori da sexu langileek eskatzen duten eredua”.