Salgaien zerrenda

«Sofia Petrovna» DIARIO DE NOTICIASen

Errepresioaren krudelkeria, Lidia Txukovskaiaren ahotsetik

Katakrak argitaletxeak idazle errusiarraren eleberrietako bat plazaratu du, lehenengoz euskaraz, Josu Zabaletak itzulita
2019ko maiatzak 29

IRUÑEA- 1937 eta 1938an, Barne Arazoetako Nazio Batzordeak (NKVD) milaka pertsona desagerrarazi zituen Sobietar Batasunean. Testuinguru horretako ondorio latzak bere azalean jasatea egokitu zitzaion Lidia Txukovskaiari,Sofia Petrovnaliburuaren egileari ere. Orain, Katakraken eskutik eta Josu Zabaletaren itzulpenari esker, lehenengoz euskaraz irakurri daiteke eleberri motz hau, garai hartaraino doan bidaia historiko-literario bat baino askoz gehiago proposatzen duena.

Txukovskaiak 1939-1940 urteetan idatzi zuen eleberria, Sobiet Batasuneko gertaeren arrasotari jarraituz. Sofia Petrovna-k, hartara, badu aunitz autobiografikotik: “Ez da zehazki bere bizipena baina bai bere bizipenek eragina”, zehaztu du itzultzaileak. “NKVDk bere senarra atxilotu eta haren berririk ezin jakinda urtebete inguru zeramanean jakin zuen Lidia Txukovskaiaren aitak NKVDn zuen ezagun baten bidez suhia aspaldi fusilatua zutela”.

Hala ere, eta kontakizun zehatz baten bitartez garai historiko baten isla izatea helburu duen eleberria bada ere, “ez da hori bakarrik”. “Agertzen den errepresioa ez da etsai edo arerio baten kontra zuzen doan errepresio bat;baita hori ere, baina badu aleatoriotasun bat. Errepresio horrek, -errepresioak oro har, beharbada- aleatorioa ere izan behar du, egiaz beldurra eragingo badu. Ez dakizu nondik eta zergatik etor daitekeen (edo dakizukeen);salbu zarela uste duzu, eta ez duzu sinesten aleatorioa izan daitekeenik”.

Sofia Petrovna, eleberriari izena ematen dion protagonista, gizarte horretako pertsona “normal samar” bat da. “Alde batekin: berari erori zaio gainera errepresioa, eta poliki-poliki errepresio horren funtzionamendua eta ondorioak ulertuz doa”.

Txukovskaiaren lan hau zerbaitegatik aipagarria bada, Zabaletaren ustetan, bere estilo zuzenagatik da: “Ia-ia artifiziorik ez du edo hala dirudi (artifiziorik gabe ez dago literaturarik, jakina). Baina egitura eta idazkera ezin argiagoak ditu. Horrek, noski, ereduzko egiten du Sofia Petrovna”.

Miren Mindegia Petrirena



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak