Rueda de prensa de «La danza de las luciérnagas»
Azaroak 27 Asteazkena
IBAI ATUTXA ORDEÑANA 2019ko ekainaren 30a
Sofia Petrovna. Lidia Txukovskaia.
(Itzultzailea: Josu Zabaleta) Katakrak, 2019
Sistematikoki torturatzen duena; metodikoki egiturazko kriminalizazioak betikotzen dituena; etenik gabeko bortxa orokortua iraunarazten duena; atxiloketa aleatorio bidegabeak inpunitatez arautzen dituena. Horixe da, deskuiduan, Sofia Petrovna eleberriak ispiluaren aurrean jarri didan espainiar estatua; eta –estatu bakarrean gelditzeko beharrik gabe– baita mendebalde demokratiko sakrosantuaren gehiengo zabala ere.
Ez dakit zer espero nuen, baina baiki: ispiluaren aurrean mantentzen du irakurlea Lidia Txukovskaiaren nobelak kristalaren bestaldera bi begiak iltzaturik. Eta efektu hori lortzen du kokatuta egonik ere Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko Purga Handiaren garaian. Esango nuke, estetikari zor diola lorpen literarioa, hau da, narrazioaren testuingurua gainditu, eta irakurlearen egunerokotasunaz gogoeta eginaraztea. Bi hitz beraz arreta ebatsi didan estetikaz.
Miren Agur Meaberen azken eleberriko narratzaileak aipatzen du mirestekoa zaiola Simone de Beauvoirren prosa. Amaren heriotza bezalako bizipen artegagarriaz hitz egin arren, “prosa soil eta sentimentalismoz bustigabea” darabilela dio. Iruditzen zait Beauvoirrekin bat egiten duela, Meabek bezala, Txukovskaiak berak ere, bortxaz hitz egiten duen prosaren soiltasun horretan.
Bigarren kontsiderazioak David Foster Wallacengana narama. Hau ura da graduazio hitzaldi sonatua ekarri zuen Danele Sarriugartek euskarara. Urez inguratuta bizi direla ohartzen ez diren arrainen parabolak balio izan zion Wallaceri suburbia amerikarra populatuko zuten gazte unibertsitarioen pentsamoldea astintzen saiatzeko. Bortxa begien bistakoenak ikusteko zailtasunak eta horiek ukatzeko ziurtasun itsuak gure buruen preso egiten gaituztela gogoetatzen zuen idazle amerikarrak. Sofia Petrovnak antzeko lana egiten du.
Sentimentalismo gabeko deskribapenek arrakala irekitzen dute protagonistak sumatu ezin eta irakurleak ezin argiago ikusten duen bortxaren artean. Arrakala horrek darama irakurlea norberak ikusten ez duenaz hausnartzera. Eta gure kasuan zer da “ura” egiturazko estatu bortxa orokortu eta sistematikoa ez bada.