«Idazketa labana bat da» GARAn
Azaroak 19 Asteartea
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
2024ko uztailaren 10an
Sorginak, emaginak eta erizainak
Barbara Ehrenreich eta Deirdre English
Katakrak, 2019.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Lan kontu bat dela eta berrirakurri behar izan dut liburu zoragarri hau. Teoria, genealogia eta historia feminista batzen dituen liburu motz honek kritika ugari izango zituelakoan sarean begiratu eta, sorpresa! bakarra aurkitu dut, Irati Majuelok Berria-n idatzi zuena.
Katakrakek argitaratutako liburuak bi atal nagusi ditu: argitaletxearen oharra, Silvia Federiciren hitzaurrea eta autoreek beraiek argitaldi bakoitzari egindako sarrera bana batzen dituena lehenengo. Federicik euskarazko ediziorako egiten duen hitzaurrean Caliban eta sorgina (Elkar, 2017) idazteko liburu honek izan zuen garrantzia azpimarratzen du. Eta liburuaren idazleek Bostongo emakume feministek martxan jarritako ikastaro sorta aipatzen dute; baita Our Bodies, Ourselves (1970) liburu iraultzailea ere.
Bigarren atalari dokumentu deitu zioten Ehrenreich eta Englishek, 60- 70 orri inguruz osatutakoa baita irakurriko dugun saiakera. Liburuaren azpitituluak pista ugari emango dizkigu: Emakumezko sendalarien historia bat. Izan ere, 1971n lehenengoz argitaratu zen liburuak ordura arte sorginei buruz eraikitako errelatua auzitan jarri nahi izan zuen, estigma zahar eta deabrukerietatik urruti. Horretarako hiru azpiatal banatzen dira, eta azkenerako ondorioak gorde.
Lehenengo azpiataleko tesi nagusietako bat honako hau da: sorginak emaginak, sendalariak, erizainak zirela frogatu nahi izan zuten eta gaur egun ezagutzen dugun medikuntza ezartzeko genozidioa izenda genezakeena, horrela adierazten dute, adibidez: "Elizak eta estatuak abian jarri, diruz lagundu eta gauzatutako kanpaina ondo antolatuak izan ziren sorgin ehizak" (45.or). Autoreak estatubatuarrak izanik, AEBetan prozesu hau nola garatu zuten aztertzen dute bigarren zatian, eta emagin zein erizain figurei buruz sakonago hausnartzen dute.
Esaldi zuzen eta argiekin josten dute autoreek dokumentua edo saiakera. Hausnarketa sorginen garaiko dokumentu zatiekin eta irudiekin hornitzen dute, eta hala, zer kontatzen zen, zein den horri buruz dugun iruditeria, eta abar erakusten dute. Liburua altxor bat da, historian mugarria markatzen duen testu ezinbestekoa. Irakurri ostean, gaur egungo egoerari buruz dugun irakurketa aldarazi dezakeen testu boteretsua da.
Sorginen jakinduria eten izana da kolektibo bezala bizi izan dugun galera handienetako bat eta hori salatzen du testuak. Sorginei duintasuna, beraien lekua, eta errelatua itzultzeko aldarrikapena egiten du.