Rueda de prensa de «La danza de las luciérnagas»
Azaroak 27 Asteazkena
Joseph Brodskyren 'Ur-marka' euskaratu du Rikardo Arregik, eta Katakrak argitaletxeak plazaratu. Testu laburrak josiz, Veneziari begiratzeko modu bat aurkezten du idazleak
Rikardo Arregi Diaz de Herediak ekarri du euskarara Joseph Brodsky idazlearen Ur-marka. Veneziari buruzko saiakera liburua.
Ainhoa Sarasola
2022ko martxoak 29 - Donostia
Bere bizitzaren lehen erdia Sobietar Batasunean pasatu zuen; bigarren erdia, AEBetan; eta hogei negualdi, Venezian. Joseph Brodsky idazlea San Petersburgon jaio zen, 1940an; New Yorken hil, 1996an; eta, haren desioa betez, errautsak Veneziako hilerrian lurperatuta daude. Hiriari zion miraren berri ematen dute datuok, baita haren obrak ere. Literatur Nobel saridunak hainbat poematan izan zuen Venezia hizpide, eta liburu oso bat eskaini zion azkenean, 1989an. Ur-marka. Veneziari buruzko saiakera euskarara ekarri du orain Rikardo Arregi Diaz de Herediak, eta Katakrak argitaletxeak plazaratu du lana. Brodskyri euskaraz irakur dakiokeen lehendabiziko liburua da.
Arregik kontatu duenez, behin Brodskyri galdetu zioten ea nola definitzen zuen bere burua, «zer zen, errusiarra ala estatubatuarra. Eta zera erantzun zuen: 'Judua naiz, poeta errusiarra, saiogile ingelesa, eta noski, herritar estatubatuarra'». Izan ere, poesia errusieraz idazten zuen, eta prosazko testuak, berriz, ingelesez. Itzultzaileak gogorarazi du agintari sobietarrek «parasitismoa» egotzi ziotela Brodskyri 1964. urtean, eta Iparralde urrunera bidali zutela, Arkhangelsk eskualdera. «Eskola askotatik kanporatu zuten, bigarren hezkuntza bukatu gabe utzi, hamaika lanetan ibilia zen, poema bakan idilikoegi batzuk argitaratua, eta estatuak ez zuen uste probetxuzko gizona izango zenik». Artikoan urte eta erdi eman ondoren, Leningradera itzuli ahal izan zen. Itzultzailearen esanetan, halere, ez zuen garai hartako oroitzapen txarrik, «iparralde urrun horretan egin beharreko lanetik aparte», poesia ingelesa itzultzen ibili baitzen han. «1972an kanporatu zuten azkenik Sobietar Batasunetik, baina idazleak ez zituen inoiz erabili urte gogor haiek biktimarena egiteko; Brodskyrengan ez duzue erbestearen etika ezta estetika ere topatuko».
AEBetara joan zen bizitzera, eta unibertsitatean hasi zen lanean. Urte hartan bertan, 1972an, bisitatu zuen lehen aldiz Venezia, eta, ordutik, urtero itzuli zen berriro hara. Beti neguan. Segituan hasi zen hiria haren poemetan agertzen, harik eta 1989an liburu oso bat eskaini zion arte. Nobel saria irabazia zuen ordurako, eta Consorzio Venezia Nuova erakundearen enkarguz osatu zuen liburua. Ingelesez idatzi zuen jatorrizkoa, baina italierazko itzulpena argitaratu zen lehendabizi, Fondamenta degli Incurabili (Sendaezinen Kaia) izenburupean. Urtebetera atera zen ingelesezko jatorrizkoa, Ur-marka. Arregi: «Badirudi liburu hau hasieratik itzulia izateko jaio zela». Izenburu aldaketaz, uste du agian italierazkoak Veneziako leku jakin bati erreferentzia egiten dionez, eta ingelesezko irakurleentzat «sinbolikoegia» ere izan zitekeenez, aldatzearen alde egin zuela, Ur-marka-k Venezia osoari egin ahal baitio erreferentzia, «Venezia urak markatutako hiria delako, edo urak markatzen duelako eraikinetan noraino ailegatzen den marea gora...».
Edonola ere, ura da liburuko ardatz nagusietako bat, itzultzaileak aipatu duenez. Liburua zer ez den ere azaldu du: «Ez da gidaliburu bat, ez turistek bisitatzen ez dituzten leku bereziak bisitatzea gomendatzen duten horietakoa, ezta bidaia liburua ere. Zalantza egiten dut Venezia bera den liburu honen gai nagusia; Venezia aitzakiatzat hartuta, Brodsky, denborari buruz eta urari buruz (sinonimoak harentzat, azken buruan) hausnarketan aritzean, saiatzen da azaltzen nola denbora eta ura gauzatu diren Venezia deituriko leku batean, edo nola Venezian denbora bera ikusgai bilakatu den, begiratu ahal dugun fenomenoa». Izan ere, begiradan dago gakoa, Arregiren aburuz. «Agian begirada da liburu honen gai nagusia, Venezia begiaren paradisua baita Brodskyren ustez».
Bere ibilbidean, idazleari «denetarik» egotzi izan ziotela gehitu du itzultzaileak: klasikozaleentzat abangoardistegia zela, eta alderantziz, klasikoegia abangoardistentzat. «Bere azken poemetako batean, zera dio: 'Den-dena aurpegiratu izan didate, salbu eta eguraldia'». XX. mendeak eman duen poetarik handienetakotzat hartua da Brodsky gaur egun.
Bi hitzoste bildu dituzte liburura: Arregirena da bata, eta Angel Erro poeta, itzultzaile eta zutabegilearena bestea. Errok azaldu du duela pare bat urte ezagutu zuela liburua, Arregiren bidez, baina aurrez ezagunak zituela Brodskyren poemak. Ur-marka «poeta baten liburua» dela iritzi dio berak, ura eta denbora sinonimotzat hartu, eta metafora «azken ondorioetaraino» eramaten baitu liburuan idazleak. Brodsky Venezian izan zen lehen aldian idatzi zuen Laguna poema ere aipatu du, bertan jasotako irudi asko liburuan ere ageri direla nabarmenduta. «Niretzat miresgarria izan zen ikustea Veneziara iritsi eta idatzitako poema haietan irudi batzuk agertzen zirela, berari istantean sortuko zitzaizkionak, eta horiek berak urtez urte joan zirela aberasten, esanahiz betetzen; horren emaitza da liburu hau».
Hedoi Etxarte editorearen ustez, Ur-marka «ez da definitzen liburu erraza, baina bada gozatzeko erraza den liburu bat». Izan ere, haren hitzetan, bertan bildutakoak «akuarelak dira batzuentzat», alegia, norbaitek asko atsegin duen toki bati buruz, bertako pertsonaiez edo bere ezaugarriez idatzitako pasarteak. «Baina aldi berean idazle honek dauzkan arima guztiak agertzen dira hiri horri buruz hitz egiten duenean, izan daitezkeenak literaturazaletasuna, historiazaletasuna edo begiratzeari buruzko gogoetak». Tokiei buruz gogoeta asko egin zuen idazle bat izan zela nabarmendu du, eta, hain justu, gogoeta horietariko asko «bere jaioterria zuen hiriaren antza izan zezakeen beste hiri hartan» egin zituela. Venezian.