Salgaien zerrenda

«Ur-marka»ren hitzatzea, Angel Erro

HITZATZEA
BEGIAREN POETIKA

Oker dabil Veneziaz gehiago jakiteko asmoz liburu honetara hurbildu dena. Hemen ez zaigu hiriaren muinera sartzeko eta hura ezagutzeko giltzarik eskaintzen, ez dago idazlearen toki kuttunen zerrendarik, txoko sekretuen errebelaziorik, oroigarri enblematikoen aurkiberririk, haien gaineko interpretazio ikusgarririk edo bizipenen kronikarik. Izan ere, irakurlea kontrakoaz harritu daiteke. Joseph Broskyk aitortzen digu Veneziara hainbeste urtez joan arren ez duela bertakoekin benetako kontakturik ezartzea lortu («oso gutxitan zeharkatu ditut etxe arrunten sarrerak hiri honetan. Tribuek ez dute arrotzik atsegin, eta veneziarrak oso tribalak dira, uhartetarrak izateaz gain»); beraz, ez digu hiriaren connoisseur bat izateko txepelkeria sakatu nahi. Idazleak beste zerbait eskaintzen digu hemen. Bidai gidatik zerbait badu, barnera begirako bat litzateke, zeinarekin, guk Venezia gabe, Veneziak gure buruaren txoko ez turistikoegiak ezagutzen lagunduko bailiguke. Baina nik uste dut gehiago asmatuko genukeela Brodskyren poesiaren irakur gidatzat hartuko bagenu.

Poetak Veneziara egindako lehen bidaian, 1972an, idatzitako Laguna izeneko olerkian dagoeneko agertzen dira, garatu gabe, edo senaz iragarrita, ia hogei urte beranduago Ur-markak saiakera honetan jorratuko diren hainbat irudi eta intuizio.1 Gauza bera gertatzen da 1982ko Veneziar ahapaldiak poema parearekin.2 Batek irudipena izan dezake hiriak poetarengan utzitako lehen zirrara haiek baieztatu eta haietan sakontzeko saiakerak baino ez direla hurrengo bisita guztiak, bere buruari (edo bere irakurleei) guztiz argitu arte metafora bakoitzaren atzean zer ezkutatzen den. Ezin bestela, beharbada. Joseph Brodskyk ezin du ingurukoari pentsamendu poetikoa aplikatzea saihestu. Errealitateak sorrarazten dion irudi poetikoa azken ondorioetaraino garatuko du beti: Veneziak sentipen mitologikoa, «ziklopeoa», pizten badio, hortik eratorriko da eraikinak ur beltzetan belaunetaraino sartuta dauden erraldoi lotiak izatea, «noizbehinka betazal bat igo eta jaisten» dutenak. Ezra Pounden alargunaren atzamar ohartarazlea gramofono zahar bateko orratz bihurtuko du, zeinarekin diskurtso higatu baten melodia aspergarria entzunaraziko dien (senarrak faxismoarekin kolaboratu zuenik ukatzearena), «1945az geroztik gutxienez denen ahotan ibili den partiturarekin»; «bere nagusiaren ahotsa», ondorioztatzen du, izen bereko disko etxe britaniar mitikoa gogora ekarriz. B aldea ere badu, jakina, diskoak.

Metaforak gidatzen du poetaren pentsamendu haria. «Metafora batek (...) jarraipena desiratzen du: hil ondoko bizitza bat». Veneziaren ezaugarririk behinena urak inguratu eta zeharkatutako hiria izatea da. Hiri akuatikoaren irudi horrek atzera eginarazten dio, uretan ibiliko ziren gure arbaso animalienga- na, lehen arrain edo aingira horiengana, hiriarekiko sentitzen duen lilura, berak atabikotzat jotzen duen atxikimendua, ulertuko badu.3 Urak ere begiaren presentzia eskatzen du («zeren begiak, gure organo gordin bakarrak, arrain gisakoak, igeri egiten baitu hemen benetan»). Venezia begiaren hiria da, beraz, non ikusmena («gainerako zentzumenek bigarren mailako papera ahula baino ez dute» eta Veneziatik «alde egiteak begiaren erbesteratzea dakar nora eta beste zentzumenen lurraldeetara») inolako loturarik gabe librea den, edertasunak erakarria. Artea bera begiak edertasunari eusteko duen ezintasunean oinarrituko zen. Edertasuna, bere aldetik, espazioak edo formak bere gutxiagoan denborari kontrajar dion ezaugarri bakarra da. Horrela doa, pixkanaka, Joseph Brodsky kontzeptuak elkarlotzen (argia, malkoa, ametsa, ispilua...), logika estreinatuz, gu lurretik gogoeta metafisikoetara eramanez, ez bakarrik Venezia, inguratzen gaituen guztia modu berri batean ulertzera, funtsezko zerbait ezagutarazi zaigula pentsatzera, benetako poeta baten aurrean egon garela ospatzera.

Angel Erro
Madril, 2022ko urtarrila

Oharrak:
1 Orduko poema horretan dagoeneko «Veneziako kanpaiek te kikaren moduan egiten zuten dilin», «arbaso ornodun» deitzen die arrainei, «uhinetatik jariatzen da denbora», «presentea besterik ez dute gabardinadun gorputzek» edo «begiak eusten dio hutsuneari, gogoak berak baino irmoago».
2 Poema pare honetan ere Ur-marka liburuaren irudi asko agertzen dira; hemen ere leihoak «kanaletatik ateratzen diren ezkatak» dira, zursareak brankiak, eraikinen barneko «brontzezko markodun olio-margolanak, isats-piano baten zatia» erdizka ikusten uzten dituztenak; turiston kamera lizunek jazarritako Susana bat da hiria, bere burua bainatzen ari dena; «argiak betazala irekitzen du, oskol bat bezala» eta, azkenean, urmaelaren «milaka distira txikik begi grisa dute aztoratzen / ni gabe ederki egoteko gai den paisaia hau / gogoan atxikitzearen adoreagatik».
3 Atzera begirako gogoeta antzekoa egiten du beste saiakera batean: «Baliteke Europako kultura osoa, bere katedralekin, bere arte gotikoarekin, bere barrokoarekin, bere rokokoarekin, bere kiribildura eta bere akanto hostoekin, tximinoak oihan galduaz sentitzen duen oroimina baino ez izatea». (After a Journey, or Homage to Vertebrae, in On Grief and Reason).



Gomendatutako liburua:

Ur-marka

Ur-marka

15,00 €

Badugu


Gaiari buruzko artikuluak