McKenzie Wark &Miss Major!
2024/05/17
Gaur da LGTBQI* kolektiboaren aurkako gorroto eta indarkeriaren aurkako eguna, eta trans auziari buruzko bi liburu argitaratu berri ditugu. Euskaraz, atzo iritsi zen liburu-dendetara eta hedabideei aurkeztu genien McKenzie Wark-en Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza: gutunekin eraikitako liburu bat da, besteak beste, helduaroan trantsizio bat egiteari buruzkoa, ibilbide profesionala amaituta, bi seme-alaba izan ostean. Pasiozko kontakizun xamur bat da, batzuetan mikatza ere badena eta bizitzako trantsizio asko lantzen dituena. Honezkero, aurkezpenaren albistea irakur dezakezu IRUTXULOKO HITZAn, DIARIO VASCOn, BERRIAn, albiste izan zen ere RADIO EUSKADI eta EUSKADI IRRATIAn.
Gazteleraz Miss Major toma la palabra argitaratu genuen. Miss Major izan zen 1969an Stonewallen poliziari aurre egin zion transetako bat. Toshio Meronekek eta Miss Majorrek solasaldien eta elkarrizketen gainean eraiki dute liburua. Emaitza kontakizun azkar bat da, zorrotza, zurikeriarik gabekoa, LGTBI* munduaren baitan dauden gatazkak eta merkantilizazioa salatzen du. Indarkeriaren aurrean, errepresioaren eta estigmaren aurrean, behin eta berriz nabarmentzen du inor ez bakarrik utzi behar zapalkuntza jasaten ari den bitartean.
Gogoan izan: Meg Ostrum asteartean Iruñean
Bada hori, El cirujano y el pastorren egileak Iruñean asteartean aurkeztuko duela bere liburua, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Irati, Mendibe eta Orbaitzetara joan aurretik.