Prólogo de «Lo que Engels no podía saber»
Azaroak 13 Asteazkena
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da Euskaraldia. Ari gara izena ematen ere Katakrakeko kideok. Gure artean denetarik dago: belarriprest izaten hasi berri garenak, luzaroan belarriprest izan eta orain ahobizi garenak, ahobizi bai baina irakurzale izateko jauzia emateke daukagunak. Urte luzez Hizkuntza Eskolara eta euskaltegira joandakoak, eskolatik edota etxetik euskara jaso dugunak. Ahobiziok egiten dugu euskaraz ekitaldiak antolatzen dituzten hamaika lagunekin, bezeroekin, lankideekin, irakurle taldeetako kideekin, inprentako langileekin eta banaketa lanetan aritzen direnekin. Eta belarriprestok egiten dugu ahalegina «te txuria» eta «Idurre Eskisabelen poema liburua» ulertu eta zuri emateko.
Egia da hiztunok behar ditugun baliabide nagusiak ezin ditugula geuk eraiki (haur eskolak, eskolak, hedabide publikoak, administrazioarekin izateko hizkuntza eskubideak). Eta, gainera, eztabaidak zabaldu beharko genituzke, euskararekin batera, jada bertakoak diren beste zenbait hizkuntzei ere tartea egiteko. Baina hori bezain egia da, hizkuntza gaitasun maila batetik aurrera euskaraz aritu nahi dutenen bizitza erraz dezakegula, hitz egiteko aukera eman, nahiz eta guk gazteleraz erantzun, ala erdi-euskaraz erdi-gazteleraz.
Eta, neurri berean, gure lanaren parte da, ahobizi izan arren irakurzale izateko segurtasuna ez dutenak euskaraz irakurtzera bultzatzea: komiki batekin hasieran, saiakera labur batekin gero, nobela eder batekin ala poema liburura iristeko bidean lagun. Entzun, hitz egin, irakurri, irakurritakoaz hitz egin, atsegin ditugun liburuak euskarara ekarri (batzuetan gazteleraren aurretik, bestetik ostean): ari gara, gure munduan euskara eta gaztelaniaz gain arabiera, errumaniera eta wollofa hitz egiten diren XXI. mendeko Iruñerrian.