«Idazketa labana bat da» EUSKALERRIA IRRATIAn
Abenduak 16 Astelehena
Ostirala, 2019-01-18
Heinrich von Kleist idazle alemanaren Michael Kohlhaas eleberria aurkeztu zuen atzo Katakrakek. Xabier Mendigurenek itzuli zuen estreina liburua orain 25 urte, Literatura Unibertsala bildumaren barruan, eta Iruñeko argitaletxeak berriro ekartzea erabaki du, Joseba Sarrionandiaren hitzaurre bat gehituta.
Michael Kohlhaas: injustizia baten historia
Lehenago ere bageneukan euskaraz, baina azala berrituta eta gauza batzuk aldatuta, berriro argitaratu du Heinrich von Kleist idazle alemanaren Michael Kohlhaas nobela Katakrak argitaletxeak. Atzo aurkeztu zuten, eta prentsaurrekoan izan ziren Hedoi Etxarte Katakrakeko kidea eta Xabier Mendiguren itzultzailea. Biak bat etorri ziren: injustizia baten historia da eleberria hau.
Etxartek gogoeta pertsonal batekin abiatu zuen aurkezpena: “ospatzeko modukoa” iruditzen baitzaio liburu hau euskara berriro etortzea, alemanezko lehen nobela erromantikoa baita, eta, beraz, Europako literaturako gailurretako bat.
Edizio berri honetarako, aldaketak egin dizkiote testuari, Etxartek azaldu zuenez. Batetik, hiztegia aldatu dute, “nabarmen”, eta, bestetik, “irakurketa errazteko eta eguneratzeko”, paragrafoetatik bereizi dituzte elkarrizketak. Horrez gainera, bi sarrera-ohar gehitu dizkiote: bata, Joseba Sarrionandiak idatzia, eta, bestea, berriz, argitaletxeak ohiko duen oharra. Mendigurenek lehen ediziorako prestatutako sarrerari ere eutsi diote.
Literatura Unibertsala bilduman publikatu izana bada, neurri batean, liburuaren garrantziaren berme, hala ere, hainbat idazlerengan izandako eragina aipatu du Etxartek. Besteak beste, Michale Kohlhaas izan omen zen Franz Kafkak bizian ahoz goran irakurri zuen literatur lan bakarra.
Baina zer da Michael Kohlhaasi gertatzen zaion injustizia hori? Bada, halaxe azaldu zuen Etxartek, laburrean, nobelaren argumentua: Michael Kohlhaas merkatari bat zen, zaldiekin tratuak egiten zituena, eta muga bat zeharkatzen saiatu ostean, gatazka bat sortu zitzaion jauntxo batekin. Kohlhaasek, paper administratibo baten bila joan behar du-eta (gero konturatuko da paper hori ez zela benetan beharrezkoa), zaldi batzuk utziko ditu erreskate modura, eta, itzultzen denean, zaldi eder horiek hilzorian daude, gaizki tratatu dituztelako. Kohlhaasek, orduan, “legearen irakurketa oso inozoa” egiten du, betiere Etxarteren hitzetan: “esperantza handiak dauzka legeek eta epaitegiek arrazoia emango diotela, eta momentu batetik aurrera konturatzen da hori ez dela hala gertatuko, eta beraz beste zerbait egin behar duela. Eta orduan sortzen da gerora XIX. mendetik aurrera eta askapenaren inguruko filosofo askok nekazal gerra deituko dituzten horietako bat”.
Izan ere, testuingurua oso garrantzitsua baita liburu honetan. XIX. mendean idatzi bazen ere, XVI. mendeko lehen erdiko gertaerak lantzen dira. Garai hartan, Alemanian, bukatu berria zen “azken mendetan gertatu den erlijio gerra garrantzitsuena”, Erreforma. Luther ezagutzen dugu batez ere, hark irabazi zuelako baina, izan zen beste joera nagusi bat: Thomas Müntzerrena, anabaptistena. “Haiek egiten zuten erlijioaren irakurketa erradikalago bat, eta inplikazio sozial berdinzaleago bat zuena, baina anabaptistek galdu zuten eta anabaptistak garbitu zituzten eta haiengandik iritsi zaigun gauza bakarretako bat da beren lemetako bat, Ommia Sunt Comumnia, Dena denona da, edo halako zerbait. Teoria politiko liberalak okerrenaren teologo gisa hartu du Müntzer, totalitarismoaren teologo gisa, harik eta Ernst Bloch marxista heterodoxoak berreskuratu zuen arte”.
Hari horri tiraka lotu dituzte Katakrak argitaletxekoek Müntzerren pentsamendua eta Kleisten nobela. Eta hauxe nabarmendu du Etxartek, betiere Blochek ikerketa-lanaren abaroan:
Kixotek bilatzen du existitzen ez den instantzien bidezko justizia, alegia, Kixote da heroi erromantiko bat, oraindik gizartean ez dagoen sentsibilitate bat bilatzen duena eta horregatik jende guztiak hartzen du erotzat. Michael Kohlhaas, ordea, existitzen ez den legeetan sinesteagatik erokeriak egiten bukatzen duen norbait, alegia, ez du ulertzen munduaren eta, bereziki, boterearen izaera sakona. Berak sinesten du, ez bakarrik Biblia edonork inongo bitartekaritzarik gabe, alegia, elizarik gabe, interpretatu behar duela, baizik eta, orobat, gizon eta emakumeen legeek esaten dutena dela benetan gizartean agintzen duena, eta, orduan, zorakeria bat egiten du, iraultza kasik, modu dramatiko batean bukatzen dena”.
Xabier Mendigurenek eskerrak emanez hartu zuen hitza, eta poza adierazi zuen hain aspaldi egindako lan batek oraindik ere inoren interesa pizten duelako. Hasieratik argi utzi zuen, hala ere, zaila izan zitzaiola bere garaian lana.
Batetik, testuaren beraren konta-moldea izan zuen oztopo. Liburua, izan ere, “suharraldi batean” idatzita dago, hasi eta buka, ez punturik ez bereizirik, “lukainka” bat bezala. Horren aurrean, eta euskararen sintaxia berezia kontuan harturik, bi aukera zeuzkan Mendigurenek: “Zeinismoak oso tratamendu txarra izan du, oso baztertua egon zen, eta bide horretatik abiatzeak ematen zuen sekulako bertigoa. Baina horrela itzuli beharra zegoen, ondo itzultzeko, bestela egin behar zen dena desegin eta ideiak eman, baina bere egituratze psikologiko, mental eta filologikorik gabe”. Mendigurenek lehen bidea hartu zuen, “%90ean behintzat bai” Eta laburbildu du erabakiaren arrazoia: “egin behar zen, gauzak egin nahi ziren bezala egin nahi baziren”.
Liburuko giroa arrotz suertatzea, horra beste zailtasun bat. “Mundu bat arrotz bihurtzen da ez hizkuntzagatik bakarrik, baita ere hango ohiturak eta instituzioak eta abarrak oso ezberdinak zirelako. Eta guk, askotan, halako gauzak irakurtzen ditugunean, gure balioak eransten dizkiegu errealitate horiei, eta zer gertatzen da, ba huts egiten dugula. Nahi diegu zentzu bat eman, baina ez diogu egoki egozten zentzua errealitate horiei. Guk zer dakigu zer zen Junker bat orain dela hainbeste urtetako prusiar giroko lurralde batean? Ba ez daukagu ideia handirik. Bilatu behar diozu pareko bat nola edo hala, eta hori zen beste arazo bat”.
Mendigurenen esanetan, amorraldi ikaragarri baten historia kontatzen du nobelak: “Azken batean, gizon honek pentsatzen zuen gauzak berak uste zuen bezalakoak zirela, justiziak eta legeak hala funtzionatzen dutela eta, larrutik ordainduta ikasi zuen gauza bat dela pentsatzea eta uste izatea, eta beste bat dela gauzak horrela izatea benetan”.
Liburuarekin lanean ari zela, galdera hau sortu zitzaion itzultzaileari: zer egin behar da zerbait bidegabea aurrez aurre daukazunean? Eta hauxe ondorioa: “Lehenengo, aztertu beharra dago, zer bidegabekeria dagoen eta horrek nola funtzionatzen duen”. Izan ere, Kohlhaasek izan zezakeen aukerarik auziari beste konponbide bat emateko, baina “hura ez zebilen erdibideen bila, zuri ala beltz nahi zuen”.
Amaitzeko, idazlea bera aipatu zuen Mendigurenek, patu tragikoa izan baitzuen hark ere. Eleberria bukatu eta urtebetera, “bere emaztegaia minbizian izugarri aurreratuta zegoela, tiro bat emanda hil zuen, eta bere buruaz beste egin zuen”. Hogeita hamalau urte zituen, eta hainbat obra argitan, baina, bizi zela, ez zuen arrakasta literario handirik bildu.
Liburuan oinarrituta, bi film egin dira, horietako bat berri samarra, ARTE telebista kateak ekoitzia. Hemen duzue trailerra: