Josu Zabaleta

1948, Legazpi

Filosofia ikasi zuen Erromako Santo Tomasso Unibertsitatean. Euskal letren eta batik bat itzulpengintzaren erakundetzean lan ikaragarria eginikoa dugu: 1977an, Hordago argitaletxearen sortzaile izan zen, eta bertako euskarazko argitalpenen arduradun; 1980an, Martuteneko Itzultzaile Eskolaren sorkuntzan parte hartu zuen, eta irakasle aritu zen bertan 1991ra arte; halaber, Senez aldizkariaren sortzaile da, eta 1984tik 1989ra arte haren zuzendari ere izan zen; 1987an, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta elkarteko idazkari nagusia 1992ra arte. Gainera, Lur Entziklopediaren zuzendari izan zen 1991tik 2000ra bitartean.
Bestalde, ikertzaile elkartu izana da Ametra eta Acote corpus linguistiko paraleloen ustiapen proiektuetan, zeintzuen xedea baitzen corpusok itzulpen memorietan eta terminologian erabiltzea.
Itzulpengintza izan da Josu Zabaletaren jardun profesionalaren ardatza: batez ere frantsesetik, italieratik eta gaztelaniatik itzuli du euskarara. Haatik, zenbait lan lexikografikotan ere parte hartu du, eta baita euskarazko hainbat testulibururen sorkuntzan ere, hizkuntz aholkulari gisa.
Itzulpengintzaren eta lexikografiaren inguruko zenbait artikulu idatziak ditu Senez eta Jakin aldizkarietan. Alderdi teorikoari dagokionez, 1984an plazaratutako Euskal itzulpenaren antologia du lanik aipagarriena, Martuteneko Eskolaren jiran sortua: itzulpen adibide ugari biltzen dira bertan, eta baita euskarazko itzulpengintzaren historia berritzaile bat ere.
2001 eta 2008 urteetan, Literatur Itzulpengintzaren Euskadi Saria jaso zuen, Fantasiazko ipuinak eta Gaueko gezurrak itzulpenengatik, hurrenez hurren. 2013an, berriz, Itzulpengintzaren Espainiako Sari Nazionala. Epaimahaiaren hitzetan, “Euskarazko literatur itzulpengintzan aitzindari izateagatik, eta euskal hizkuntza literario eta poetikoak garatzeagatik”.

Single donation

Make Website

  • Other: €

Donate now