«Idazketa labana bat da» GARAn
Azaroak 19 Asteartea
Amaia Apalauza Ollok itzuli du lana, Katakrak argitaletxearen eskutik. Kartzelen abolizioa du gai liburuak, eta askotariko testuak bildu ditu Davisek bertan.
Urko Iridoy Alzelai
Donostia
2024ko urriaren 24a
Bizitza osoa eman du Angela Davisek feminismoaren barruan, arrazakeriaren aurka eta abolizioaren alde borrokan. Baina oraindik badu zer esateko. Aurten kaleratu du bere azken lana: Abolition. Oraindik ez da beste hizkuntzetara itzuli, baina bai euskarara. Amaia Apalauza Ollok itzuli du, eta Katakrak argitaletxearen eskutik kaleratu du. «Bere hasieretan heldu zuen gaira itzuli da Davis: kartzeletara», adierazi du Katakrakeko kide Hedoi Etxartek. Lehengo eta gaur egungo kartzela sistemak aztertu ditu Davisek, hainbat artikulu, hitzaldi eta liburu oinarri hartuta.
Hiru dimentsio aipatu ditu Etxartek Davisen eta kartzelen arteko harremanaz hitz egitean. Lehena, pertsonala. Harreman estua izan du Davisek kartzelarekin. Soledad anaien kasuan asko inplikatu zen Davis, eta, hori dela eta, haren aurkako atxilotze agindu bat zabaldu zuen AEBetako Gobernuak. Etxarte: «Mundu osoko jendea mobilizatu zen Davisen alde, hau da, Davisek kartzelarekin zuen harremanaren aurka». Bigarrena, dimentsio politikoa. Mundu osoko ideologo, pentsalari eta politikari askok eskatu zuten Davis aske uztea garai haietan. Eta azkena, hirugarrena, ikerketa esparrukoa.
Askotariko testuak aurki daitezke liburuan. Batzuk hitzaldietatik hartutakoak dira; beste hainbat, ikerketetatik, eta beste batzuk, liburuetatik. Denek badute amankomunean zerbait: kartzelaren inguruko edukiak dira. «Teoria politikoko testuak badaude liburuan. Zer da kartzela, noren kontra doa, nork erabiltzen du... Horren inguruan gogoeta egiteko aukera aparta da hau», esan du Etxartek. Historia testuak badirela ere aipatu du Katakrakeko kideak, eta baita kronika modukoak ere, esperientziak kontatzen dituztenak. Testu haiek oinarri hartuz, gogoetak, ikerketak eta ondorioak plazaratu ditu Davisek.
Apalauzak Davisek kartzelen inguruan dituen ideien abiapuntuak azaldu ditu: «Berak argi dauka kartzela gizarteko beste hainbat zapalkuntza sustatzeko tresna bat dela. Klase zapalkuntza, arraza zapalkuntza eta genero zapalkuntza aipatzen ditu». Abiapuntu horretatik sakonduta, Davisek hainbat ikuspuntu azaleratzen ditu. Hala nola kartzelaren abolizioaren aurka egoteak zapalkuntzen alde egotea adierazi nahi duela, edota kartzelak ez dituela gizarteko arazoak konpontzen. «Gero eta preso gehiago daude munduan, eta horrek ez du kriminalizazioa gutxitu. Horregatik uste du Davisek kartzela ez dela baliozkoa».
Pentsalari feministaren ikuspuntuaz gain, Michel Foucaulten ideia bat errepikatzen da behin eta berriz liburuan: «Kartzelak sekula konponduko ez dituen eta are gehiago larritzen dituen arazoei ematen zaien konponbide bakarra da kartzela. Horregatik, zenbat eta kartzela gehiago, orduan eta krisi gehiago».
Hasierako lau kapituluak atzera begira egindakoak dira. AEBetan esklabotza abolitu zuten garaitik gaur egungo kartzela sistemara bidea egiten du Davisek lehen kapituluetan. Apalauza: «Davisek esaten du esklabotza amaitu zenean beste zigor sistema diskriminatzaileak ezarri zirela, batez ere koloreko jendearen aurka egiteko. Haietako bat kartzelak izan ziren. Lehenago, kartzelak pertsona zuriz beterik egoten ziren, eta haien helburua birgizarteratzea zen, koloreko pertsonak sartu ziren arte. Hor espetxe izaera hartu zuten, koloreko pertsonak bertan atxikitzeko».
AEBetako kartzela sistema aztertzeaz gain, Europako, Asiako eta Afrikako hainbat herrialdetakoa ere ikertu du Davisek. Gaur egungo eta azken urteetako espetxeetako hainbat datu zehatz argitaratu ditu liburuan. 1998an ia bi milioi pertsona zeuden AEBetako kartzeletan, eta haietatik %70 baino gehiago pertsona arrazializatuak ziren. Emakumeen datuei erreparatuz, 1980tik 1992ra %276 handitu zen AEBetako kartzeletan atxikitako emakumeen kopurua. «Beti pentsatu izan dugu, eta hala da, gizon gehiago daudela kartzelan emakumeak baino, baina azken hamarkadetan emakumeen kopurua gehiago handitzen ari da gizonezkoen aldean. Aipatzekoa da ere kolorekoak direla emakume horietako asko», azaldu du Apalauzak. Horrez gain, Davisek adierazi du 30 urtean zortzi aldiz biderkatu dela preso kopurua AEBetan.
«Kartzela sistema konplexua»
Gaur egungo kartzela sistema izendatzeko honako hau erabiltzen du Davisek: kartzela sistema konplexua. Davisen ideiak ahoan, terminoa azaldu du Apalauzak: «Kapitalismoaren gorakadarekin batera, kartzelak negozio bihurtu dira. Gaur egun badago kartzela industria bat etekin ekonomikoak bereganatzen dituena, presoak haien lanerako erabiliz kapitalismo korporatiboa aberastuz». Davisen ustetan, gaur egungo kapitalismoaren protagonistei interesatzen zaie kartzela eta preso gehiago egotea.
Emakumeei dagokienez, Davisek bi kontzeptu aipatzen ditu. Alde batetik, zigor pribatua, eta, bestetik, zigor publikoa. Denborak eraldatutako zigorrak dira. Apalauza: «Tradizioz emakume bati zigor pribatua ezarri izan zaio, hau da, senarrak, bizilagunak edo dena delakoak emandako zigorra. Orain, aldiz, emakumeak haien aurkako indarkeriatik defendatzen hasi direnean, zigor publikoa jasaten dute kartzelaren bidez».
Beste hizkuntzek baino lehen itzuli izanaren garrantzia azpimarratu du Etxartek: «Gu bezalako argitaletxe txiki batentzat oso garrantzitsuak dira horrelako pausoak. Gainera, guretzat berezia da Davisen liburu batekin egitea, gure lehen argitalpena harena izan zelako. Hura ere Apalauzak itzuli zuen». Apalauzak adierazi du «lana eman duen liburua» izan dela Abolizioa, baina, era berean, «edozein toki eta momentutan irakurtzekoa» dela. «Liburu gisa irakurri behar da lan hau, ez artikulu solteen gisa».