Prólogo de «Lo que Engels no podía saber»
Azaroak 13 Asteazkena
ATZEKOZ AURRERA. Irina Gonzalez. Musikaria
Poesia eta musika bat dira Gonzalezentzat, eta hala adierazten du kubatar trobadore gisa. 'Emigrar' diskoa kaleratu berri du Okzitaniako Tolosan. Musika komertzialaren kontra, herri musika aldarrikatu du.
IÑIGO URIZ
2020ko martxoak 12
Bestelako birusengatik kezkak piztu diren egunetan trobuntibitis-ak jota dagoen musikaria izan da Euskal Herrian: Irina Gonzalez (Sancti Spiritus, Kuba, 1986). Trobadore kubatarrak kontzertuak eman ditu Bizkaian, Araban eta Nafarroan. Iruñeko Katakraken ere aritu da, eta han erantzun ditu galderak.
Emigrar (Emigratu) deitzen da zure disko berria. Tolosan (Okzitania) bizi zara duela zazpi urte: nola bizi zara Kubatik urruti?
Ez naiz gaizki bizi, baina uste dut emigrante orori beti geratuko zaiola herrimin hori. Hasieran kostatu zitzaidan ohitzea, baina latinoamerikar eta migrante asko daude, eta berehala egin nuen familia. Musika dut lanbide, gainera. Baina beti arrasto bat geratzen da; min egiten duena, egun batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago. Halere, zortea dut urtero joaten bainaiz Kubara.
Nostalgia horrek, sentimendu horiek inspiratu dute zure diskoa?
Lehenbizi, nire nostalgia pertsonalak, emigrante bat gehiago naizelako, baina baita itsasoa zeharkatuz emigratzen dutenen egoerak, egunero jende asko hiltzen ari delako han. Emigrar kanta emozio lazgarri horretatik sortu zen. Normalean lau garen arren, diskorako 14 musikariko familia osatu nuen, bakoitza herrialde batekoa. Kantak nik konposatu ditudan arren, norberak zapore ezberdina ematen dio.
Nola hasi zinen musikarekin?
10 urterekin, Arte Eskolan hartu ninduten kantua ikasteko. Gero hasi nintzen oboearekin eta adar ingelesarekin, eta, azkenik, konposizioan. Nire bizitza beti izan da musika; ez dakit beste ezer egiten.
Herriko giroak izan zuen eraginik?
Txikitan Santa Clarara mugitu ginen, eta han trobadore asko daude. Santa Clarak artista asko eman ditu. Oso bizirik dago, eta indartsu.
Trobadore nola hasi zinen?
Alain Garridok La Trovuntivitis taldeko musika moldaketak egiteko eskatu zidan. Horrela hasi nintzen haiekin. Kantuek liluratu ninduten, eta nire kantak egiten hasi nintzen. Trobuntibitis-ak jota bukatu nuen, eta kantautore bihurtu.
Trobadoreak sasoiko daude?
Troba inoiz ez da hilko Kuban, ezinezkoa da, geroz eta kantautore gehiago dago. Oso mugimendu indartsua da, eta onena da denek elkar ezagutzen dugula. Longina jaialdia egiten dugu Santa Claran, eta probintzia guzietakoak etortzen dira. Egun osoa aritzen gara jotzen.
Zein da horretarako sekretua?
Silvio Rodriguez, Pablo Milanes, Santiago Feliu... Handienen inspirazioa dugu. Era berean, inposatu nahi diguten musika merketik ihes egiteko modua da. Musika komertzial hori, reggaetona-eta. Trobadore izatea ez da soilik kantatzea, borrokatzeko modu bat ere bada. Musika ezin da bihurtu deus esaten ez duen zerbait. Guri dagokigu mezu bat sortu, elikatu eta hazten jarraitzea.
Ez da borroka erraza, ezta?
Ez da erraza, hedabideek ez gaituztelako laguntzen. Mezurik gabeko musika horren alde egiten dute. Horregatik, jaialdi handiak sortu genituen trobaren inguruan, argi esateko: «Hemen gaude gu beste diskurtso batekin. Aditu gaitzazu, bestela hutsik geratuko zara». Borrokatzen gara gehiago izan gaitezen gauza inteligenteak eta beharrezkoak esaten ditugunak.
Zertarako balio du musikak?
Denak batzeko eta denak berdinak garela eta eskubide berak ditugula jakiteko balio du.
Musika eta hitzak, biak dira garrantzitsuak?
Noski, biak bat dira. Kuban musika eta dantza oso naturala da. Afrikatik heldu zaigu, eta oso gure artean landu dugu. Orain badago Internet, baina, lehen, soilik genuen gure artean zabaltzen genuena. Beraz, musikari buruzko zalantzak gure artean konpondu ditugu. Gure musika sortu dugu, norberak berea emanda. Emaitza kalitate handikoa da.
Jazza, musika brasildarra... denetariko doinuak ditu zure musikak.
Nire lehenbiziko eragina klasikoa da; gero, Kubako trobadoreena, eta, gero, jazza, bossa, sanba... Askotan nire testuetan joruba erabiltzen dut. Hemen euskara duzue, Kuban joruba: Nigeriatik etorritako kultura oso-oso indartsua.
Musika tresna anitz jotzen duzu. Zalantzatia zara?
Ez, ez. Gauza asko egitea gustatzen zait, ezin naiz geldirik egon. Koloreak maite ditut, eta tresna bakoitzak kolore bat du.