Prólogo de «Lo que Engels no podía saber»
Azaroak 13 Asteazkena
Maitasuna da kontrabandoa Infernuan,
zeren maitasuna da barroteak
jaten dituen azido bat.humani
Baina zu, ni eta biharra eskutik heldu
eta olatuak egiten ditugu,
borroka biderkatuko delako.
Assata Shakur
1974ko Anaitasuna aldizkariaren 279. alean kexu zen Karmelo Arroiabe. Gramsci, jalgi hadi plazara izenburua jarri zion idatzi zuen artikuluari, tartean zera zioen:
Zoritxarrez, ordea, euskal liburu eta aldizkarietan Gramscik ez du argirik ukan, Joxe Azurmendiren artikuluetan noiz behinkako oharpen bat salbu. [...] Bakarrik esanen dut, haren gogoetak gaur-gaurkoak direla. Ene irudiko. Egun, Euskal Herriko giroan badu zeresanik Gramscik, haren aportazio ohargarriena ideologiaren politizazioa baita, hots, borroka ideologikoaren mailakoa, eta, beraz, kulturaren arlokoa. (Honetaz, guk, kultura menperatuan gabe, kultura ukatuan bizi garenok, badugu zer ikasirik).
Noizko ukanen ote dugu Gramsci Euskal Herrian? Artikulu honek haren hobi gaineko harria higitu besterik ez baitu egin, orain plazara dezagun!
Eta iritsi da, Arroiabek desiratu eta 47 urtera Antonio Gramsciren klasikoetako bat liburu batean euskarara. Antologia honen oinarrian Palmiro Togliattik egin zuen 218 gutunen hautaketa dago. Gerra osteko 1947 hartan Giulio Einaudik argitaratu zituen. XX. mendeko Italiako literaturako lan nabarmenen artean kokatu izan dute eta Viareggio saria ere eman zioten kaleratu berritan. Baina zer daukate ziegarik ziega ibili zen iraultzailearen testu hauek? Agian segurtasunaren inguruko gogoeta bat dago lerroartean. Alegia, ezer ez dagoela segurtatua, horixe dela bizitzako arrisku handiena: «ezin da huts egitearen arriskua gainetik kendu, zeren etengabe mehatxatzen baikaitu porrotak; baina arrakastaren itxaropena geratzen da» (Enzo Traverso 2016) ala Gramscik berak Kartzelako koadernoetan idatzi bezala, positibismoari iseka eginez: «berez, “zientifikoki” aurreikusi daitekeen gauza bakarra borroka da». Hori dakar Gramsciren gutunen aukeraketa ezagunena den honek: bizitzarako grina, mina eta ekina.
Iraultzaileak faxismoaren sorlekuan Italiakoa izan zen estatu-boterean garatu zen aurreneko esperientzia historiko faxista. Sarritan nabarmentzen da Italiak politikan izan zuen laborategi-izaera, estatua sortu zenetik izan dituen berezitasunengatik, dinamismoarengatik, politika askatzaileek izan dituzten marka eta ildoengatik. Eta arrakala horietan hazi eta bilakatu zen Gramsci eta faxismo hark jazarri zuen azkeneraino. Clara Zetkinekin batera Gramsci izango zen gainera faxismoa bizkorren eta zorrotzen ulertu zuenetako bat. L’Ordine Nuovon argitaratu zuen, Mussolini boterera iritsi baino hilabete batzuk lehenago, «erreakzionario berriak» bazuela «lehenaldi subertsibo bat», alderdi sozialista erradikaletik zetorrela faxisten burua. Are Mussoliniri halako «blanquismo» bat ezaugarritzea egokia iruditu zitzaion: dimentsio iraultzaile eta utopikorik gabeko blanquismo bat zuela, estatu kolpeak ematea teknika soil bilakatu zuela lider faxistak.
Baina Gramsciren obraren garrantzia Bigarren Mundu Gerraren ostean hasiko zen zabaltzen, 1920ko hamarkadan idatzitako gogoeta asko 1945etik aurrera hasiko zirelako argitaratzen, nahiz eta bere ekarpenetako batzuk («bloke historikoaren» teorizazioa, esaterako) lehenago zabaldu ziren Italiako marxisten artean.
Liburua, objektu gisa, ezinbestekoa izan zen Gramsciren ideien zabalkundearen kasuan. Ez aldizkariek ez gutunek ez zuten izango hil osteko liburuek izan zuten barneratzea. Bada, halere, akademiaren inprobisazioaren eta kazetaritza magikoaren arteko ildo bat Gramsciren obraz (eta bestelako artista errepresaliatuenaz, tartean Walter Benjaminenaz) adierazten duena haren obra fragmentarioa izatea hautu intelektual bat izan zela. Baina Gramscik bereziki aldizkari eta gutunetan idazteko arrazoia jazarpen eta zigor politikoa izan ziren: pertsegitu zutelako eta preso zegoelako, alegia. Gramsci eta Benjamin bezalakoen hautu intelektuala hautu politikoa izan zen, faxismoaren parean geratu ziren.
Forma horretan ez dago proiektu literario bat, bizitzaren eta borrokaren baldintzak besterik ez daude. Gutunotan nabarmen idatzi zuenez ezin zuen fisikoki eta intelektualki nahi zuen materiala eskuratu, ezin zuen argitaratu nahi zuena nahi zuen tokian, ezin zuen bestelako baldintza batzuetan pentsa litekeen moldean egituratu bere obra. Ez zen erabakiat izan, ezintasuna baizik: nahikoa paper ez izatearena, nahi duzun solaskideekin askatasunez ezin egotearena, gorputza suntsitzen dizun zigorraren baldintzena, korrespondentzia interbenitua izatearena, nahi dituzun testuen irakurle ez izatearena. Askatasun falta, baliabide falta eta pentsatzeko ezinbestekoa den sozializatzeko eta praxirako ezintasuna.
Baldintza latz horietan pentsatu eta idatzi zuen Gramscik, horregatik, Perry Andersonek bere Antonio Gramsciren antinomiak (1976) klasikoan adierazi zuen bezala: «Marxista garaikide orok Gramscirekin duen zorra hain justu haren idazkiak benetako izpiritu kritikoaren seriotasunez hartzen badira baino ezin ordain daiteke. Bere koadernoen labirintoan Gramsci galdu egin zen. Bere intentzioen kontra, bere lanetik erator daitezkeen ondorio formalek sozialismo iraultzailetik haraindi garamatzate».
1969ko maiatzean Manuel Sacristán, besteak beste PCE, PSUC eta Kataluniako mugimendu antinuklearreko militante marxistak, Gramsciren gaztelaniazko antologia ezagunena osatu zuen. Sarreran ohar bat egin zuen. Bertan aipatu zuen Marx ez zela izan ez ekonomialaria, ez historialaria, ez filosofoa, ezta antolatzailea ere «nahiz eta haren “obrak” akademikoki katalogatu daitezkeen ekonomia, historia, filosofia, antolatzaile sozio-politikotzat» eta beraz, «Gramsci ere ez dela literatur kritikaria, kultur kritikaria, filosofoa edota teorialari politikoa ere» nahiz eta literatur eta kultur kritikan, filosofian eta teoria politikoan ere jardun zuen.
Sacristanek aldezten zuenez, pentsamendu iraultzailerik izan dadin, izan behar du haustura bat kulturalki kontsakratuta dagoen pentsamenduaren egiturarekiko. Horregatik, Marxen eta Gramsciren obrara gerturatzean, toki zentrala du praktikaren nozioak, praktikan barnebiltzen direlako pentsamenduaren plano guztiak eta jokaerarenak ere. Antologia hura eratzeko Sacristanek bi arau jarri zizkion bere buruari. Horietan lehena izan zen «ez bereiztea testu “pertsonalen” eta testu publikoen artean». Gramsciren obraren kasuan, Sacristanek uste zuen kronologia zela nabarmentzekoa, genero literarioaren gainetik.
Europa odolustuko zuen Lehenengo Mundu Gerraren bezperako hilabeteetan sartu zen Gramsci Italiako Alderdi Sozialistan (PSI) eta Turingo Il Grido del popolo egunkarian idatziko zuen. Gerran ohartu zen herri langilea harrapakin erraza zela, elite politikoen eskura zegoen «giza material» soila zela (1916), «klase pribilejiatuen historiarentzako material betegarria» (1920). Garai hartan sozialdemokraziaren eta komunisten artean izan zen zatiketaren hiru arrazoietako bat izan zen gerraren alde lehenek eta kontra bigarrenek izan zuten posizioa. Beste arrazoi nagusia inperialismoaren eta kolonialismoaren auzian zuten jarrera izan zen. Afera horretan ere, 1919tik Gramscik salatu zituen aurreiritzi eta harrokerian oinarritzen zen «super-gizon zurien» planteamenduen, partikular jakin bat unibertsal bilakatzen zuten «sasiunibertsaltasunen» kontra egin zuen (ikus Losurdo 2017).
Gisa berean, eta 1917ko otsaileko iraultzatik aurrera, boltxebikeek aurrean zuten iraultza usaindu eta goxatu zuen azaroaren 24ko Avanti! egunkari sozialistan Kapitalaren kontrako iraultza artikuluan ospatu zuen arte: «Boltxebikeen iraultza Karl Marxen Kapitalaren kontrako iraultza da». Palmiro Togliattirekin, besteak beste, L’Ordine Nuovo egunkaria sortuko zuten 1919an eta Urriko iraultzak irekiko zuen bidearekin bat egin zuten Turingo fabriketan langileen kontseiluak osatzen ziren urteetan. Gradualisten eta iraultzaileen arteko talkak PSI zartatu zuen.
Han hemenka dinamika iraultzaileak sustatu zituzten langileak eta ordinovistak zokoratu zituen zuzendaritzak. Baztertutakoek 1921eko urtarrilean PCI sortu zuten arte. Gramscik horrezkero egunkari komunistaren papera betetzen zuen L’Ordine Nuovoren zuzendaritzan jardungo zuen PCI sortu berrian.
Horregatik guztiagatik, ez dago soberan Perry Andersonen galdera-erantzuna hona ekartzea ostera:
Beharrezkoa da gehitzea Gramsci bera inolako klase erreformismoaren kontrako froga izan zela? Kautskyren parlamentarismoaren estrategien ondorioak zeharo arrotzak zitzaizkion: bere obra estatu kapitalista iraultzaren bidez amiltzearen aldeko aginduzko beharraren aldeko baieztapenez zipriztinduta dago. Horretarako ez da beharrezkoa kartzela eta zentsuraren aurreko baieztapenetara jotzea. Gramsciren testamentu politiko gisa kontsidera daitekeen dokumentuan, Italiako langile klasearen militanteei zuzenean bidalitako mezuan [...] insistitu zuen [...] bere konpromisoa azken helburuak zirela, Marxek eta Leninek kontsideratuko lituzketen moldean.
Bestela esanda:
Gramscik ez zuen soilik baieztatu iraultza proletarioaren beharra termino klasikoetan; bere ondoren askok egin dute hori. Borroka egin zuen eta agonia luze bat sufritu horrengatik. Ez soilik bere lana, baizik eta bere bizitza ulertezina da bokazio hori kontuan hartu gabe. Gramsci bera beste inor ez zen gaixotasunaren, isolamenduaren eta heriotzaren kontrako borrokaren baldintzen ohartun.
Ohar hau laguntzen duen irudian ikusiko zenuen: 1937ko apirilaren 28ko L'Humanité egunkari komunistako azalean, ezkerreko zutabean, aurreneko albistean, Gernikaren bonbardaketaren albistea eta bigarren zutabean Antonio Gramsciren heriotzarena. Galdera zilegia da: bazen Gramsciren berri Euskal Herrian Gramsci bizirik zegoenean?
Miguel Usabiagak Nino Nanetti (Bolonia 1906 – Santander 1937) komunistaren figura berreskuratu zuen Gramsciri buruzko Erriren 8. alean (1937ko Erri kultur eta eztabaida aldizkariaren oinordekoa da 2019tik EPKk argitaratzen duen izen bereko mantxeta). Nino Nanetti beste 4.122 italiarrekin batera aritu zen 36ko gerran Nazioarteko brigadetan; horietako 600 bat hilko zituzten faxistek. Gerraren garapena tarteko, ez zen, formazio gisa, Nazioarteko Brigadarik egon Hego EHn baina zenbait brigadista nabarmen aritu ziren EHn. Horietako bat izan zen Nanetti: Madrilgo defentsan aritu zen, 12. dibisoa zuzendu zuen (10.000 soldadukoa zen unitate hura) eta, tartean «Antonio Gramsci» izena zuen bateriako partaide ere izan zen. Ohikoa zen hildako erreferente politikoen izenak jartzeaz gainera preso zirenenak jartzea. 1936an sortu zuten bateria hura, «Gramsci» oraindik bizirik zegoela, italiar askok osatu zuten gainera.
1937ko udaberrian «Gramsci» baterietatik «Rosa Luxemburgo» batailoia eta beste hiru zuzentzen zituen Eusko Gudarosteko VI. Brigada mistoko zuzendaritzara pasa zen Nanetti, Berako (Nafarroa Garaia) Manuel Errandonearekin batera. 1937ko ekainan Errandonea zauritu zuten Bilboko burnizko hesian eta Nanettik zuzendaritza osoa hartu zuen bere gain. Bigarren Euskal Dibisioa ere zuzendu zuen Zallan kolpisten bonbardaketa batean zauritu eta Santanderreko ospitalera eraman behar izan zuten arte. Zallako zauriek hilko zuten Gramsci brigadan borrokatu zen Boloniako metalgintzako langilea.
Ez dugu argitu, ez dakigulako, hil aurretik biderik egin zuten Gramsciren lanek Hegoaldean. Dakiguna da Gramsciren hirugarren olatua (lehena bizirik zegoenekoa bada, bigarrena II. M. G.ren ostekoa, hirugarrena 1968tik aurrerakoa litzateke) intentsitate handikoa izan zela Euskal Herrian. Arkeologia lan azkar batean behintzat agertzen dira orain aipatuko ditugunak. Manuel Ereñok 1967ko Arragoa aldizkariaren 6-7 alean El solipsismo lingüístico en el ensayo «izkuntza ta pentsakera» de Txillardegi artikuluan agertzen da. Ohar honen hasieran aipatu dugu Arroiaberen Anaitasunakoa, 1974koa. Iztueta eta Apalategik 1976ko Zabal 16.ean Marxismoa eta alderdia argitaratu zuten (tartean Marx, Lenin, Luxemburg eta Gramsci bera landu zituzten). 1976ko udan izan zen ETA (pm)ren zazpigarren batzarra ere eta tartean, Eduardo Moreno Bergaretxe “Pertur”en eskutik Gramscik bere bidea egin zuen Otsagabia ponentzian.
1977an Joxe Azurmendik 1937-1977: Gramsciren urtea argitaratu zuen Jakinen laugarren alean: hamalau orrialdetako sintesi bat. Handik hilabete batzuetara, 1977ko abenduan, Anaitasuna aldizkarian, Azurmendik Jakinen argitaratutako artikuluaren bertsio laburtu bat argitaratu zuten: Euskal ezkerraz zenbait gogoeta deiturikoa. Garai beretsuan politikan ari ziren OIC, MCE edota LKIn ere aurki daitezke Gramsciren zantzuak. Azken urteotan egin diren lan nabarmenen artean daude Galder Sierrak, Lacalu eta Mouffe lagun, argitaratutako Jendarte aldarrikatzen den Herria hegemoniaren eraikuntzaren begirada populista bat (UEU 2020) liburua ala Aitor Bizkarraren Gramsci, kultura, politika (Arteka 2021).
Artikuluen baitan itzuli diren pasarteez gain, Koldo Izagirrek Gramsciren sei gutun argitaratu zituen Euskarari ekarriak webgunean (2017). Urte berean eta toki berean, Iñigo Aranbarrik Pier Paolo Pasoliniren Gramsciren errautsak ekarriko zituen.
Emango luke ikerketa ederrerako Gramscik gurean izan duen balizko eraginari buruzko ikerketak.
Baina orain oso bestelako testu bat irakurtzera zoaz. Rosa Luxemburgen Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti (Katakrak 2018) eta Louise Michelen Erbesteko gutunak Victor Hugori (Katakrak 2020) haietan bezala, hemen ere bizitza materialak du tokia, giza harremanen intentsitateak eta hauskortasunak, oso liburu organikoa da hau, oso garaikidea gaietan eta ikuspuntuan (hemen biopolitika bat dago, nabarmen). Hemen daude giza ahuldadeak eta kemen iraultzailea, tripa dago, hesteak, gaixotasunak daude, gastritisa, insomnioa, botikak, haurren fantasiak, aitatasuna eta amatasuna, kapsulak, obstetrizia, sendagaiak, Uroclasioa, familia.
Eta ezin aipatu gabe utzi liburu hau kartzela batean itzuli duela Ekaitz Sirventek, horrek itzulpenerako dauzkan zailtasun gehigarri guztiekin. Kanpoan Josu Zabaleta izan du, esaldiz esaldi italierazkoarekin alderatzen. Bizitza jokoan ez balego, ariketa eder bat litzateke liburu hau.
Iruñea
2021ko azaroa