Rueda de prensa de «La danza de las luciérnagas»
Azaroak 27 Asteazkena
Amaia Astobiza. Itzultzailea
'Puta zikinak. Sexu langileen eskubideen aldeko borroka' liburua «itzuli» du Astobizak; «defendatu» ere egin nahi du, uste baitu, aurrejuzguez harago, prostituta askoren egoera ulertzen laguntzen duela testuak.
ANDONI CANELLADA / FOKU
2023ko urtarrilak 8 - Donostia
Euskarara ekarri du Amaia Astobiza itzultzaileak (Zornotza, Bizkaia, 1974) Revolting prostitutes. The fight for sex workers' rights liburua, Puta zikinak. Sexu langileen eskubideen aldeko borroka izendatuta, eta Katakrak argitaletxeak argitaratuta. Liburua itzuli du, eta «defendatu» ere egin nahi du, prostituzioaren gaia bazter isilarazietatik —eta liskartsuetatik— ateratzea garrantzitsua iruditzen zaiolako, eta zabaldu egin behar direlako bide horretan lagungarriak izan daitezkeen materialak: «Apal batean ez dute ezer egiten». Juno Mac eta Molly Smith dira testuaren egileak, prostituzioan aritutako bi andre. «Sexu lanean» ari direnen bizi baldintzek hobera egite aldera, jarduera «deskriminalizatzera» egin behar dela defendatzen dute. Ez dira saiatzen, ordea, horregatik jardunbidea zuritzen, hutsaltzen. «Ez dizuegu eskatzen sexu industria maitatzeko. Guk ez dugu maite, noski. Eskatzen dizueguna da sexu industriarekiko eta gizonekiko —putazaleekiko— sentitzen duzuen higuinak ez dezala gainditu sexua saltzen duen jendearekin enpatizatzeko duzuen gaitasuna», diote liburuan. Elkarrizketarako galderak prestatzeko orduan, kolpe baten gisara akordura etorritako esaldia da; buruan argi du itzultzaileak ere, liburuaren mamia ondo jasotzen baitu. Ohar bat: liburuan «emakume» hitza kategoria modura agertzen da, prostituzioan usuen aritzen direnak andreak baitira.
Zer ikasi duzu liburu honekin?
Lehenengo eta behin, ikasi dut, hain justu ere, eurek eskatzen dutena: gure aurreiritziak alde batera uzten eta enpatiarekin entzuten. Bestalde, oso ondo azaltzen dute zer lege esparru dauden, eta lege eredu bakoitzak zer ondorio dituen sexu langileengan... Horrekin batera, asko zertu nauen gai bat izan da mugena. Mugei kapitulu oso bat eskaintzen diete, azaltzeko migrazioari buruzko legeek nola eragiten duten honetan guztian.
Abolizioaren aldeko aldarriak eta legeztatzearen aldekoak bi muturren gisan aurkezten dira usu. Liburua lausoagoa da...
Eurak ere esaten dute edozein sexu langile egongo litzatekeela abolizioaren alde, baldin eta aurretik sexu lana uzteko baldintzak ezarriko balira. Argi esaten dute hori. Kontua da azken-azken helburu horretara iristeko bidean, emakumeek, batez ere emakumeek, jarraitzen dutela horretan lanean, eta horrek berarekin dakarren indarkeria eta babes falta guztia pairatzen.
Liburuan adierazten da emakumeen salerosketarekin lotzen dela sarri askotan prostituzioa, baina, berez, zabalagoa eta egiturazkoagoa dela behartsuenak, zaurgarrienak, prostituziora bultzatzen dituen sarea.
Liburuan buelta ematen diote horri. Emakume asko ez dira zuzenean prostituzioan sartzen, baina mugak igarotzeko garaian, adibidez, zor handiak egiten dituzte, eta, zor handi horiek pagatzeko, lana egin behar dute, baina lan egiteko oztopoak dituzte, ez dutelako, esaterako, paperik... Orduan, zer daukate eskura? Sexu lana. Beste zenbait kasutan, egia da: bahitu egiten dituzte, eta propio eramaten dituzte horretara.
Prostituzioan ari diren andreen bizipenez josita dago liburua, haien hitzez betea. Indartsua da.
Eurak esaten dute hasieratik toki pribilegiatu batetik hitz egin dutela. Hasteko, liburua argitaratzeko aukera izan dute, eta liburua idazteko gaitasuna ere badute. Ez dute hori ezkutatzen. Baina, era berean, jasotzen dituzte sexu lanean dabiltzanen errealitate askotarikoak, eta pertsona horiek legeen aurrean dituzten oztopoak. Eta ez dute ezkutatzen sexu industriaren atzean dagoen indarkeria; baina indarkeria guztiak jartzen dituzte mahai gainean, ez bakarrik bezeroen aldekoak; baita Poliziaren aldekoa ere, ezartzen diren legeen ondoriozkoa: indarkeria guztiak.
Prostituzioaren inguruan egin diren araubideak aztertu, eta deskriminalizazioaren alde egiten dute egileek. Zergatik?
Bai, Zeelanda Berrian dagoen eredua da. Esaten dute ez dela ideala ere, baina deskriminalizazio horretan ez dago berariazko lege bat prostituzioari buruz: lan zuzenbidearen bidez arautzen da. Beste edozein lanetan arazoak dituzunean lan zuzenbidera jotzen duzun bezala, sexu lanean ere berdin. Hori daukate egokientzat, eta esaten dute bide horretatik jarraitu beharko litzatekeela.
«Lan» berba naro darabilzu. Abolizionistentzat, usu, horrexek prostituzioaren atzean dagoen bortxa eta menpekotasuna hutsaltzeko atea irekitzen du. Baina, esan duzun eran, bortxa hori ez dute ukatzen liburuan.
Onartu egiten dute. Onartzen dute kasu askotan horrela dela, baina horrekin batera esaten dutena da beste lan askotan ere zapalduak eta bortxatuak garela.
Liburuak esanahiz betetako adjektibo bat du izenburuan: puta zikinak. Sexualitatea bera lohia da, usu, ikuskera askotan; zer esanik ez sexu erlazioak gizon askorekin dituzten andreak, ezezagunekin dabiltzanak...
Historikoki gertatu izan da, eta hor joan gaitezke sorgin ehizetaraino. Liburuaren jatorrizko izena Revolting prostitutes da. Euskaraz ez genuen topatzen berba bat revolting hori adierazteko; hasi ginen izenburuak botatzen, eta iritsi ginen Puta zikinak honetara. Badu indarra. Zalantzak izan genituen, puta zikinak badelako irain bat ere, gogorra. Baina badu indar hori: puta zikinak. Horrela ikusten ditugu, eta eurak datoz hori desmuntatzera. Zikintzat identifikatzen dugun horren atzean zer dagoen erakustera datoz. Ezezagunekin sexu harremanak izatea; askotan zikintzat jotzen dugu: gerta dakigukeen gauzarik terribleena da. Zikintasun hori nondik dator? Eurak lotzen dute, jakina, sistema heteropatriarkalaren interesekin; emakumea kontrolatzeko era bat da.
Begirada hori etengabe ageri da prostituzioa arautzean.
Etengabe. Nik uste dut horregatik begirada aldatu behar dela. Nondik begiratzen diogun; ea begiratzen diogun guri horrek eragin diezagukeen higuin edo deserosotasunetik, edo begiratzen diegun horretan diharduten pertsonen beharrei eta eskubideei. Baina askotan geuretik egiten diogu: 'Eske, niretzat izango litzateke...'. Beste pertsona batentzat beharbada ez da hain terriblea, edo terriblea izanda ere, beharbada ez dauka beste irtenbiderik: hori da geratzen zaion bakarra... Hori da sistemak utzi dion bakarra. Migrazio legeek horretara bultzatu dute, edo etxebizitzaren premiak, edo lau haur bere kabuz hazi behar izateak...
Argudio horiek egin dute zuretzat erakargarri lana?
Bai, argudioak izateak, eta ez iritziak.
Gaiari argudioekin begiratzeko, eta ez bihotzarekin bakarrik.
Hori da, zeren eta azkenean bihotzarekin egiten dugunean... Guk 'zikintasun' hori heredatu dugu; horrela irakatsi digute begiratzen prostituzioari, putei. Orduan, hori alde batera utzi, eta haien begiradari eta haien arrazoiketei begiratzea da kontua. Eta hor egiten diote kritika bat mugimendu feministari. Askotan talde feministetan-eta hitz egiten da emakumeen gorputzaren sexualizazioaz, kosifikazioaz, eta horrek, nolabait, justifikatu egiten ditu prostituzioaren aurkako jarrerak, legeak: dena. Sexu langile batzuk gai izango dira kontzeptu horiek barneratzeko, baina, era berean, beren baldintza materialak bermatu behar dituzte: egunean egunekoak. Ondo dago teorizatzea, baina gero jaitsi behar duzu baldintza material horietara. Liburu hau, batez ere, hori da.
Feminismoan dagoen dema horri begira, zer ekarpen egiten du liburu honek bi aldeek elkarri begirunez begiratze aldera?
Begiratzeko esan behar nuen, baina begirunez gehitu duzu, eta uste dut baietz, begirunez begiratzeko dela, eta elkar entzuteko... Hemen inork ez dauka egia osoa. Baina errealitateak hor daude, eta errealitateei begiratu behar zaie. Ezagutzen ez badugu, ezingo dugu sakondu. Eta interesatzen dena hori da: ez ezagutzea, ez jakitea, pentsatzea dena banda kriminal batzuen ondorioa dela, horiek bultzatzen dituztela emakumeak prostituitzera.
Baina, ororen gainetik, behar materialek bultzatzen dituzte...
Erabat. Eta amaitzen dute banda kriminal horien atzaparretan, baina zaurgarritasun horrengatik: behar horiengatik.