15/09/2014
Cuerpo:

Hilabete barru hasiko gara Katakrakeko irakurle taldeekin. Iazko ikasturtean egin genituen biekin jarraituko dugu eta berri bat izango dugu aurten. Oraintxe azalduko dizkizugu bakoitzaren nondik norakoak eta lehenengo irakurketak.

Irakurle taldeon aurretik asteroko ekitaldiak izanen ditugu. Asteazkenean 28 gazteren kontrako makroepaiketaren inguruko asanblada irekia egonen da. Ostegunean Iñaki Lasagabaster izanen da 19etan hitzaldia eskaintzen "Zuzenbidea eta Politika Erabakitzeko Eskubidean" izenburuarekin, Ezkerraberri Fundazioak antolatuta. Ostiralean "Energia politika eraginkor baten alde" izanen da hizpide.

Hirugarren ikasturtea izanen duen IRAKURLE TALDEAn fikzioa irakurriko dugu nagusiki (poesiari eta saiakerari saio bana eskainiko badiogu ere). Hilean behin, aurten ere erdaretatik euskaratutako lanak izanen dira guztiak, XX. eta XXI. mendeetan idatzitakoak gehienak eta XIX.ekoren bat. Urriak 24an arratseko 20etan hasiko gara betiko pedagogiarekin: ordurako liburua irakurri eta hitz egin eta entzuteko gogoz etorri. Lehenengo liburua Andrei Kurkov Ukrainarraren "Piknika izotzetan" (Alberdania 2009) izango da. Azaroan bost idazle katalanekin ostatutako "Hobe kontatzen ez badidazu" (Pasazaite 2014) irakurriko dugu eta abenduan Annie Ernauxen "Gertakizuna" (Igela 2003). Urtarriletik aurrera Harry Crews, Maria-Mercé Marçal, Emily Dickinson, Bill Bryson, Andrea Camilleri, Ivo Andritx eta Andrei Platonof.

EKONOMIA KRITIKOA taldean ekonomia zentzu zabalean jorratzen duten testu ertainak irakurriko ditugu. Hautatutako liburu pasarteen gainean jardungo dugu, idazkiaren testuinguruaren azalpen txiki batekin. Lehenengo hitzordua urriak 25ean izango da larunbatarekin 12etan, Amaia Pérez Orozcoren "Ekonomiaren subertsio feminista" liburuko bi pasarterekin (108-137 eta 230-261 orrialdeen artean). Azaroak 29ean E. P. Thompson-en "Ingalaterrako langile klasearen sorkuntza" liburuko "Bizi baldintzak eta esperientziak pasartea" irakurriko dugu eta abenduak 20an Karl Polanyiren "Merkatuaren mugak" liburuko pasarte bat. Urtarriletik ekainerakoak aurrerago zehaztuko ditugu.

Aurtengo nobedadea LA CAS ROJA poesia irakurle taldea izango da. Hilean behin, hirugarren ostiraletan 19:30ean erabilera anitzeko aretoaren goiko aldean dauden bulegoetan elkartuko gara ere. García Lorcak zioen bezala poesiarik gabe bizitzea zuhurtziagabea izatea litzatekeelako. Horregatik bizirik dauden poetak irakurriko ditugu Szymborskaren salbuespenarekin: 5 gizon eta 4 emakume. Poloniako eta Argentinako poeta bana, Ameriketako bi, Arabiar bat eta lau poeta Espainiar egungo poesiaren mapamundian. Solasaldia gaztelaniaz izango da.

Anima zaitez liburuok irakurri eta hitzorduetara etortzen. Ideia Zabaldu!

Imagen:
10/09/2014
Cuerpo:

Eskola egutegia hastearekin goizago hasi gara aste honetan. 8etatik zabalik daukagu kantina egunero, beraz. Liburu denda 10etan.Ekitaldiekin ere hasi gara. Aste honetan bi izanen ditugu, ostegun goizean eta arratsean. Goizean euskara heldu aroan ikasi dutenen testigantzen inguruko mahai-ingurua 11etan. Arratsean energia berriztagarrien eta energia ereduen inguruan hitz egingo du Xabier Zubialdek Som Energia – Energia Gara Nafarroa-k gonbidatua.Aurten hiru irakurle talde izanen ditugu, baina argibide guztiak datorren astean emanen dizkizuegu.

Hasi gara!

PS: Nicanor Parraren jaiotzaren mendeurrenarekin Josu Landak 10 olerki itzuli ditu Armiarma webgunean:http://ekarriak.armiarma.com/zizkak/?NicanorParra

Imagen:
28/08/2014
Cuerpo:

Aurki hasiko da ikasturtea. Iraila erdi aldera abiatuko ditugu ohiko ekintzak erabilera anitzeko aretoan eta irekiko dugun bilera gelan: irakurle taldeak, zinema zikloak, mintegiak, hitzaldiak. Ordura arte segi udako liburuez eta Potemkin Filmotekako filmeez gozatzen.

Jakizu, erabilera anitzeko aretoa goizez alokatzeko aukera egongo da. Akaso interesatuko zaizu, hala bada jarri geurekin harremanetaninfo@katakrak.net helbidean.

Ez ahaztu geure katua pitxitxi daukaten elastiko eleganteak dauzkagula liburu dendan salgai: berdean, larroxan eta beltzean. Eta ez ahaztu irailak 8an ohiko ordutegiarekin hasiko garela, goizean goizetik!

Laster arte!

PS: Cortazarren “Kronopioen eta famen istorioak” itzuli ditu Ibon Sarasolak Armiarma webgunean:http://ekarriak.armiarma.com/gordailua/CortazarKronopioak.htmCortazarren euskarazko gainontzeko lanak webgune berean:http://ekarriak.armiarma.com/?i=87

Imagen:
29/07/2014
Cuerpo:

Itzuli gara, ez geldi egoteko baina. Une latzak bizi izan ditugun azken asteotan, Euskal Jai-ren eraistearen hamargarren urteurren honetan. Guztietan egon da espazioarekin, etxearekin loturaren bat. Gazan kolonialismoaren suntsiketa: 1.000 palestinar hil dituzte (%77 zibilak) eta 43 israeldar (%3 zibilak). Granadan 37 urteko Etxegabetzeen Plataformako kide batek bere buruaz beste egin du. Vienan 1.700 polizia kidek Pizzeria Anarchia Zentro Sozial Okupatua erasotu dute, ezingo da Garcia Lorcaren «gerri hautsiko vals» hura gehiago dantzatu. Jordi Pujol Kataluniako Printzipatuko presidente izan zenaren ustelkeria kasua jakin den astean albistetzarra jaso dugu Bartzelonako Sants-etik: Can Vies-ek 89.760€ eskuratu ditu. Inoiz baino Aresti zaleago gaude: «Geure etxeak defendituko ditugu. Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra, defenditu eginen ditugu geure etxeak».

Astelehenean zabaldu genituen ostera ateak eta udako eskaintza berezia eskaini nahi dizugu. Goizeko 9:30etatik aurrera gosariak egunero. Pintxoak goizaldetik eta bazkariak 14:00etatik 16:00etara astelehenetan barne (asteroko asanbladak oporrekin jarraituko du abuztuan). Berritasun nabarmenena egunero 19:00etatik 23:00etara izango da: udako produktu freskoekin 2 entsalada eta 2 plater bero eskainiko ditugu razio edo pintxo erara. Hondartzako txosna baten modukoa izango da eta berritasun iraunkor gisa txoriopila eta fruituzko bizkotxoa. Ostiral eta larunbatetan geure betiko afariak izanen dituzu eskura.

Liburu denda 10:00 – 14:00 eta 17:00 – 21:00 ordutegia izango du. Udako nobedadeez gainera, etxeari, udalgintzari eta Palestinako kolonizazioei buruzko hautaketa fina: geopolitika, poesia eta komikia nahasten diren eremukoa.

Imagen:
02/07/2014
Cuerpo:

 

Heldu dira Sanferminak. Uztailak 5 eguerdian liburu dendaren azken uneak izango dira uztailak 28ra arte. Gaurtik eros ditzakezu tamaina eta modelo ezberdineko elastiko eleganteak Katakrakeko katuarekin eta sarrerako esaldi rockero klasikoarekin («Hau dena aldatu nahi genuke»).

6an hamarretakoak izanen ditugu eta 7tik 13ra eguneko menuak (deitu 948 225520ra erreserba egiteko asmotan bazabiltza): sarrerako anitzak, entsalada berdea eta okela, arraina edo barazkiak aukeran, azkenburukoa, ardoa eta ogia barne. Horrez gain, txoriopilak Uxueko okinak eginak egun osoan zehar, frijituak bermutaren orduan eta etxeko gozogintza nahi beste.

Ogitartekoak arratsetik aurrera izanen ditugu, hanburger goxoak barne, urteko gertakarien izenekin: Sí se puede, Felipe, Libre!, Kentucky Fracking ez!, 1978, Kontuz!, Fuck Fifa.

Gosariak izango ditugu eguna ongi eta lasai hasi ahal izateko.

Afal ostean DJ dantzagarriak izango ditugu, aurrejuzkurik gabe, gauero gauerdian.

Uztailak 28an indar berrituta itzuliko gara.

Imagen:
25/06/2014
Cuerpo:

Aurki helduko dira Sanferminak. Eskaintza berezia izanen dugu ordurako, datorren astean azalduko dizueguna. Egun horietan Kantina soilik egongo da martxan, liburu denda itxiko dugu. Sanferminen ostean hamabost egunez Katakrak guztia egongo da itxita. Uztailak 28an itzuliko gara.

Horregatik 10 egun dauzkazu uztaila liburuz josteko: Irurtzungo ur ertzetara zoazela, Bardean eguzkia hartzera edota Yamaguchi parkera eraman zure lagun suharrena alboan. Geure betiko eskaintza zabala komikian, poesian, historian, egungo egoera erpin ezberdinetatik aztertzen duten liburuetan.

Jaien aurretik ekitaldiak dauzkagu halere. Asteazkenean Iruña abesbatzaren kontzertua izango dugu. Ostegunean Gema Lasartek “Gorputz jipoituak genero indarkeriaren sinedoke” hitzaldia eskainiko du Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta. Ostiralean 17:30ean Emmanuel Rodríguezek udalerrigintzari buruz hitz egingo du. Egun berean 19etan Angel Petismek bere liburu eta disko berria aurkeztuko du Patxi Irurzunen laguntzarekin. Ikasturtea amaitzeko, uztailak 30ean Aitor Merino eta Ainhoa Andraka “Asier ETA biok” filmearen harrera azaltzen egongo dira, 18:00etan filma proiektatuko dute eta 19:30ean solasaldia egongo da.

Imagen: