13/04/2015
Cuerpo:

Aste estrainio baten ostean (irakaskuntzaren munduko lagun askok izan ditu oporrak) egunerokotasuna itzuli da kale Nagusira. Egunotan lagun askoren bisitak izan ditugu, Araba eta Gipuzkoako tuiterlari ezagunak etorri zitzaizkigun, adibidez. Baina urruneko lurretatik ere ardoa ekarri dugu. Terra Altatik Hannibal Smithek ardo beltza eta zuria ekarri zigun Labrunet de Frisach ardo ekologikoa eskuragarri duzu ardandegian.

Apirilak 23a aurki dator, liburuaren eguna, eta apirileko bigarren hamabostaldiko geure agenda indartsu dagoela ikusiko duzu. Nabarmendu nahi dugu asteartean 19etan Ixiar Rozas etorriko dela Oskar Alegriarekin Beltzuria liburu berria aurkeztera. Asteazkean 19etan Eric Toussaint ekonomialariaren txanda izango da, bera da Greziako Gobernuaren eta Europako Batasunaren arteko zorra negoziatzen duenetako bat. Larunbatean Miguel Urbanek eskuin muturra Europan izaten ari den igoerari buruzko liburua aurkeztuko du. Gainera hileroko La Casa Rojaren hitzordua izango da Almudena Vidorretaren Días animales liburuarekin. Horrez gain, datorren asteartean Andrés Herrerak Espainia eta Txinaren arteko azken hamarkadetako harremanak aztertu dituen liburua aurkeztuko du, Josep Fontanaren hitzaurrea dauka. Eta ostiralean Miren Etxezarreta ekonomialari mitikoak kapitalaren oldartzeari buruz hitz egingo du.

,

2014ko udazkeneko liburu sonatuenetako bat izan da Ixiar Rozasek idatzitako Beltzuria. Asteartean 19etan gurean aurkeztuko du Oskar Alegriaren laguntzarekin.

Subtitulo: 
Ixiar Rozas eta Oskar Alegria: Beltzuria
Seccion: 
Irakurle taldea
,

Eric Toussaint mundu mailako erreferente bat da zorrari eta nazioarteko finantza erakundeei buruz. Asteazkenean Patxi Zamora (Kontuz!) eta Igor Arroyo (LAB) izango ditu lagun, Nafarroako zorraren gaia azalduko dute labur.

Ekitaldia Hitz & Hitz fundazioak antolatu du.

Subtitulo: 
Eric Toussaint Greziaren eta Europaren zorrari buruz
Seccion: 
Asteko ekitaldiak
,

Larunbatean 19etan Miguel Urbanek Europako eskuin muturrari buruzko liburua argitaratuko du. Lerroburu askotan azaltzen dira Fronte Nazionalak Frantzian izan dituen emaitzak edo PEGIDA mugimenduak Alemanian duen indarra.

Subtitulo: 
Miguel Urban Europako eskuin muturrari buruz
Seccion: 
Irakurle taldea
,

Aipatutako guztiaz gain astelehenean 19etan Batzorde Errepublikazaleak bigarren eztabaida antolatu du. Honakoan Espainiako estatuak eta Europako Batasunak duten erakunde krisia izango da gaia. EH Bilduko, Izquierda-Ezkerrako eta Podemos-Ahal duguko kideak azalduko dira.

Ostiralean 17:30ean Eider Pachecok hilekoari, menopausiari, menarkiari eta haurdunaldiari buruz hitz egingo du.

Ostiralean 19etan bilera gelan La Casa Roja taldekoak batuko dira Almudena Vidorretaren liburuari buruz solasteko.

Subtitulo: 
Eztabaida errepublikarra + Tienda Roja + Almudena Vidorreta
Seccion: 
Actos
Imagen:
30/03/2015
Cuerpo:

Asteazken gauean izerdi egin genuen Viana eta Mendabia artean, Korrikan. Lekukoak mezu bat zeraman euskararen politikotasuna nabarmentzen zuena, irtenbidea komuna izango dela, eztabaida publikoa izan behar dela. Mezuak testuingurua ematen die hizkuntza eskubideei, gainontzeko bazterketa sozialen mailan jartzen ditu, zapatistek egin zituzten zerrenda luzeen mailara: etxea, lurra, lana, ogia, osasuna, hezkuntza kultura.

Kirol jarduerez gain, Sánchez-Ostizen eta Ignazio Aiestaranen liburu aurkezpen intentso bat izan zen joan den astean: egunerokoez mintzatu ziren, Flaubertez, Sartrez. Gainera eztabaida intentsoak izan genituen irakurle taleetan Komikia (eta euskara) for dummiesen bizitzaz eta zahartzaroraz jardun zuten, Irakurle taldean zientziaz eta existentziaz, Ekonomia kritikoan aberastasunen banaketaz eta erreforma gaindituko duten proposamenen faltaz. Biurko Upategien dastatzea lasaia izan zen, zertzelada asko eman zituzten ardoen, nekazaritzaren eta dastamenaren inguruan.

Gogoratu nahi dizugu ostegunetik astelehenera itxita egongo garela, jai egunetan jai, larunbatean barne. Beraz, asteazkenean, afariak izanen ditugu, entsaladak, arrazioak, ogitartekoak, etxeko azkenburuko goxoak. Asteartean itzuliko gara. Ez ahaztu jai egunetarako zelulosa kopuru egokia hartzea. Asteroko hautaketan gertu ekoiztutako materiala daukazu: Sanduzelaiko Andrés Herrerak Bellaterran Espainia eta Txinak XX. mendean izan dituzten harremanak aztertu ditu sakonki; Burlatako Beatriz Chivitek poema liburua argitaratu du Araban; Txalapartak telesailen inguruko liburua argitaratu du Iratxe Fresneda, Josebe Iturrioz, Itziar Ziga, Irati Jimenez eta Katixa Agirreren testuekin; Emmanuel Rodríguezek Espainiako Erreinuko 1978ko erregimenaren fake demokratikoaz idatzi du (askotan aipatzen den gaia da, baina honakoan bateratze lan garrantzitsua egin du madrildarrak); egungo hizkuntzalari interesgarrienetakoa den Moreno Cabrerak ere liburu berria argitaratu du. Honakoa nobedadeen hautu txiki bat besterik ez da, askoz gehiago dauzkagu liburu dendako mahai eta apaletan.

,

Hilak 31 asteartearekin 19etan Mujeres en la Edad Media: actividades políticas, socioeconómicas y culturales liburua aurkeztuko du Cristina Pérez Galán egileak. Funtsezko gai bat a priori historiko asko eraldatzen hasteko.

Ez dugu normalki nabarmentzen baina liburu honek oso prezio eskuragarria dauka.

Subtitulo: 
Emakumeka Erdi Aroan
Seccion: 
Asteko ekitaldiak
,

Martxoak 30ean 19:30ean Juako Escasok Todo que ganar liburua aurkeztuko du.

Apirilak 7an 19etan Batzorde Errepublikarrak eztabaida antolatu du krisi sozialari eta ekonomikoari buruz Ezkerrako, EH Bilduko eta Podemoseko kideekin.

Subtitulo: 
Juako Escaso + Eztabaida errepublikazalea
Seccion: 
Actos
Imagen:
23/03/2015
Cuerpo:

Miren Peñaren suizidioarekin hasi da udaberria. Faureciak kaleratu zuen, aurrezki kutxak etxegabetze bidean jarri zuen. Gertu eta urrun lehertzen den egiturazko indarkeria, Borroka klubari arrazoia eman eta kentzen diona bagarelako geure lana, bagarelako geure kontu korrontea, bagarelako daukagun kotxea, badugulako geure txanpon zorroak daukana, bagarelako geure prakak, munduaren gorotz kantaria eta dantzaria garelako.

Garen horrekin guztiarekin joango gara asteazkenean Korrikaren 1587. kilomentrora ere: Viana-Mendabiara. Katakrak Liburuakek 80 km/ orduko baino motelago ibiltzeko gomendioa egiten duen panel batean dauka kilometroa. Ez gara hain azkar joanen. Bertaratzeko 21:00etan gelditu gara kale Nagusian, animatzen bazara esaguzu garraioa koordinatzeko. Mozorrotuta bazatuz are hobeki.

Joan den astean La Casa Roja taldean Szymborskaren txanda izan zen. Solasaldi interesgarria, pasiozko bi ordu poesiaren, itzulpenaren, edukiaren eta itxuraren inguruan solasteko. Almudena Vidorretaren txanda izango da hurrengoan, apirilaren hondarretan.

Aste hau indartsu hasiko da Sánchez-Ostizekin eta indartsu bukatu 3 irakurle taldeekin.

,

Lehenengo saioaren arrakastaren ostean Zimurrak liburua irakurriko dute Euskara (eta komikiak) for dummies taldean. Paco Rocak idatzi eta Astiberrik 2014an argitaratu zuen Bego Montorioren itzulpenarekin zahartzaroa ardatz duen lana.

Ostiralean Irakurle Taldean Ia denaren historia labur bati buruz solastuko dira. Bill Brysonek idatzi eta Elhuyarrek euskaraz argitaratua zientzia dibulgazioaren liburu ezagunenetakoa da.

Larunbatean Ekonomia Kritikoa taldean Pikettyren azken liburuko hitzaurrea eta Ekonomia gaur pasarteari buruz jardungo dugu.

Gogoan izan taldeotara nahai duzunean bertara zaitezkela. Ez duzu inon izenik eman behar, liburuak irakurtzea da baldintza bakarra, eta solasteko gogoz etortzea, noski.

Subtitulo: 
3 irakurle talde: Komikia, Irakurle Taldea, Ekonomia Kritikoa
Seccion: 
Irakurle taldea
,

Astelehenean 19:00etan Sánchez-Ostizek  A trancas y barrancas (Pamiela 2015) aurkeztuko du Ignazio Aiestaran filosofoarekin batera.

Subtitulo: 
Sánchez-Ostizek bere azken liburua aurkeztuko du
Seccion: 
Irakurle taldea
,

Anima zaitez eta zatoz asteazkenean 21etan Katakrakera. Kotxez eta furgonetaz joanen gara 1587. kilometrora, Viana eta Mendabia artean dagoen 80km/ orduko panel batean hasiko gara tipi tapa tipi tapa.

Gogoan izan kilometroa finantzatu eta AEK laguntzeko pare bat pote daudela kantinan.

Subtitulo: 
Korrikako 1587 kma
Seccion: 
Asteko ekitaldiak
,

Ostegunean 19:30ean hileroko ardo dastatzea izango du Bargotako Biurko upategietako Ramonekin. Gogoan izan ardotegia@katakrak.net-en edo 948 225520an zeure plaza gordetzea.

Subtitulo: 
Biurko upategien ardo dastatzea
Seccion: 
vinoteca
,

Asteartean Errepublikazaleen Batzordeak 19:00etan demokraziaren solasaldiari buruzko hitzaldia antolatu du.

Asteazkenean 18:30ean Goienerrek asanblada irekia egingo du.

 

Subtitulo: 
Ekitaldi gehiago
Seccion: 
Actos
Imagen:
09/03/2015
Cuerpo:

Martxoak 8arekin amaitu zen joan den astea: Kurdistanetik etxeko egongelara aldatu behar da mundua. Ospatzeko eta aldarrikatzeko duela urte bete argitaratu genuen irakurketa ibilbidearen sareko bertsioa estreinatu genuen. Hemen ikus dezakezu. Gainera, jakizu aurki helduko direla hurrengo 4 ibilbideak.

Nor ote da brownie bat jaten ari den argazkiko gizona? Atzo kontzertua eskaini zuen The Coup taldeko Boots Riley, joan den astean El País egunkariari esan zionez beltza eta komunista da. The Coupek zapalkuntza patriarkalaz, maitasunaz, janari azkarraz edota aberatsen kokaina parrandez hitz egiten du besteak beste, flow askorekin. Coca-Colako langileekin elkartasunean ez da edaria saldu beraien Espainiako Erreinuko kontzertuetan. Riley burkideak atzo nabarmendu zuenez mundua ez da kantekin aldatzen, mundua eraldaketarekin aldatzen da, baina egia da abestiak iparorratzak izan daitezkeela.

Aipamen musikal honen ostean afera praktikoago bat. Joan den astean, ezustean, dei bat jaso genuen, uztailak 6ko hamaiketakoa erreserbatzeko hots egin ziguten. Ez genuke alarma piztu nahiko baina gogoan izan ostiral-larunbatetako bazkariak eta ostegun-ostiral-larunbatetako afariak erraz betetzen direla. Lasaitasuna gailen dadin erreserbatu aurrez otorduak.

,

Ostiralean 19etan: Liburu aurkezpena autorearekin. Nafarroako Metaziri argitaletxearen azken argitalpenak egun gizartean daukagun gogoeta zentraletako bat jorratzen du.

Hala deskribatzen du liburua argitaletxeak berak: Patriarkatuaren menpean, heteroseximoaren munduan hazi eta hezitako gizon belaunaldi batzuei buruzko ideia andana ageri da liburu honetan, Euskal Herrian sexismoa eztabaidatzeko eta jendarte justuago eta berdintsuago baten alde lan egiteko azken hamarkadetan antolatu diren gizon taldeen bizipen zuzenetatik ateratako ondorioak. Gizonok gure artean sortzen dugun indarkeria eta, batez ere, emakumeekikoa murrizteko tresna eraginkorra izan nahi du liburuak. Nolanahi ere, ez da liburu itxia ala osoa, izan ere, gure pentsamendua gehiago sakondu eta garatu beharreko arlo andana bada oraindik, bai personal mailan zein talde mailan.

 

Subtitulo: 
Xabier Odriozola «Gizonezkoen sexismoa, maskulinotasuna eta askapena: berdintasunerantz»
Seccion: 
Irakurle taldea
,

Asteartean 19etan J. V. Barcia kazetaria eta eredu energetiko berri baten aldeko plataformako kideak, Alta Tensión liburua aurkeztuko digu, gaur egungo ereduaren ondorioak azaldu eta eredu energetiko jasangarri, demokratiko eta herritar bat proposatuz.

Gaur egungo eredu energetikoak mundu osoan eragiten du, gizarte zein sektore guztietan. Energia baliabideen kontrol geoestrategikoa da giza eskubideen urraketa handienak sortzearen arrazoi nagusia eta hurbilen daukaguna txirotasun energetikoa da. Enpresa handien esanetara dauden tokian tokiko gobernuen erabakiek, ezustekoak diren klima aldaketak pairatzera kondenatu du gure planeta. Gero eta gehiago dira, gogoeta kritiko eta erradikal batetik, eredu energetiko berri bat eskatzen duten pertsona eta erakundeak: jasangarria, tokian tokikoa, demokratikoagoa, berriztagarria, iraunkorra eta eskuragarria.

 

Subtitulo: 
«Alta tensión» liburuaren aurkezpena
Seccion: 
Irakurle taldea
,

Asteazkenean 19etan Myriam Gómezek moderatuko du Yayo Herrero Ecologistas en Accióneko kidearekin solasaldia. Eztabaida gaur egungo gizarte mugimenduei buruzkoa izango da. Zein paper jokatu behar dute gaur egun, nola gauzatu behar da komunikazioa gaur egun, zer harreman izan behar ditugu botere publikoekin eta mugimendu politikoekin.

Ezkerraberri fundazioak antolatutako hitzordua.

 

Subtitulo: 
Yayo Herrero: Mugimendu sozialak munduko krisiaren aurrean
Seccion: 
Actos
,

Ostegunean 19etan. Aldaketaren aldeko batzarrak antolatutako eztabaida. Parte hartzaileak: Txema Mauleón (Izquierda-Ezkerra), Rebeca Remiro (Equo), Adolfo Araiz (EH Bildu), Uxue Barcos (Geroa Bai) eta Laura Pérez (Podemos) eta moderatzailea Pilar Hurtado izango da.

Eztabaida gaztelaniaz izanen da.

Subtitulo: 
Nafarroa 2015: Erabakitzeko eskubidea
Seccion: 
Actos
Imagen:
02/03/2015
Cuerpo:

Ez dago ezustekorik gabeko asterik kale Nagusiko 54an.

Joan den astean, esaterako, tenore onean eta ia bi orduko saio batekin hasi zen Komikien irakurle taldea. Foro berri bat zabaldu zen, orduko hartan umoreaz, adierazpen askatasunaren mugez eta abarrez jardun zuten. Euskara ikasten ari dira baina zirrara sortzen duten gaien inguruan hitz egiteko larridurarekin. Hurrengo hitzordua hilaren 26an izanen da Paco Rocaren ZIMURRAK liburuarekin, eta noski, gonbidatuta zaude.

Ostiralean Irakurle Taldean Maria-Merçe Marçalen eta Emily Dickinsonen txanda izan zen. Bertso ederrak berreskuratu ditzakegu, esaterako Martxoak 8rako oso egokiak:

Dantza ala borroka? Gaur egun, gerra dantza!

Ezusteko handia izan zen Emily Dickinson. Bertso hauekin aritu ginen, adibidez, solasean:

1512 (1548)

Zeharo desagertutako gauza guztiak

Hori — da mugagabetasuna

Edo hauekin:

1765 (1747)

Maitasunaz dakigun guztia da

Maitasuna besterik ez dagoela;

Hori aski da, zamaontziak behar du

Bere lorratzaren tamainakoa izan.

Hurrengo hitzordua Bill Brysonekin izango dugu, zientzia, dibulgazioa.

Aste honetako irudian ikusten duzuen arte lana Arco Nazioarteko Ferian eskuratu dugu.

,

Eta hemen ez da ezer gertatu liburuaren aurkezpena asteazkenean 19etan autorearekin. Nafarroako Kutxaren galeraren aurrean, beste aldera begiratu dute Nafarroako elite politiko eta ekonomikoek. Euren erabakien ardura isiltasunezko belo batekin estali nahi dute, baina liburu honek belo hori altxatzea du helburu. Nafarroako fi nantza erakunde nagusiaren hondoratzearen nondik norakoak azaldu eta arduradunak erretratatzen ditu.

Subtitulo: 
Joxerra Senarren liburu aurkezpena Nafarroako Kutxari buruz
Seccion: 
Irakurle taldea
,

Ostiralean 19etan albiste pozgarri bat jasoko dugu. Iruñerriko Euskaldunon Agerkaria sortu dute Tokikomek eta Euskalerria Irratiak elkarlanean. Informazio lokala jorratuko duen eta komunitateari tarte zabala eskainiko dion webgunea izanen da, independentea, irekia, parte hartzailea.

Esan bezala, ostiralean, 19:00etan, aurkezpena. Eta hain justu komunitateko kideak, lagunak, alboan nahi dituzte.

 

Subtitulo: 
Iruñerriko Euskaldunon Agerkariaren aurkezpena
Seccion: 
Actos
,

Asteartean 19etan egongo de mahai inguruaren bitartez Euskal Herriako gatazkak utzitako ondorioen inguruan gogoeta bat burutu nahi dute. Egia, justizia eta erreparazioa zertan datzan hausnartu eta etorkizunari begira zauriak itxi bidean egin behar duguna aztertzea. Mahai inguruan, bortxa hori jasan duten hiru eragile desberdin egonen dira (Ahaztuak, Sanfermines 78, Angel gogoan) beren jarduera eta aldarriak azaltzen. Horrez gain, Egiari zor antolatzaile moduan eta gatazkak sortutako ondorioak lantzen dituen eragile bezala egonen da. Hori horrela, mahai inguruaren bitartez eztabaida eta ekarpen aberatsak ateratzea nahi dugu eta hartara ekimena eraiki beharreko bidean emankorra izan dadila.

Subtitulo: 
Egia, justizia, erreparazioa
Seccion: 
Actos
,

Erreza da eginak eta ospetsuak diren esaldiak esatea, adibidez: “zorra ez dugu ordainduko”. Hauek lagungarriak dira manifestazioetan aldarrikatzeko baina politika egiteko ez dira egokiak. Errealitatea askoz konplexuagoa da eta hori ezagutzeko auditoria egitea lagungarria da oso. Estatu mailan zorraren datu asko ezagutzen ditugu baina Nafarroara eta udaleetara hurbiltzen bagara zailagoa da aurkitzea. Zertan gastatu den, zenbat, zergatik etabar ezagutu nahi dugu,

Subtitulo: 
Zorraren herri auditoria egiteko betebeharra
Seccion: 
Actos
Imagen:
23/02/2015
Cuerpo:
Atzoko egunez 1939an hil zen Antonio Machado. Gabriel Arestik 1959an Olerti aldizkarian itzuli zuen "Barteko ametsa"z oroitu ginen bereziki:
 
 Bart, lotan, amets egin nun,
—goza amets ederrean—
iturri bat daritela ene bihotz barnean.
Ots: nundiko erretenez
zatoz, oi ur! nigana,
bizi berriko iturria,
nik edan ez dudana?
 
Poesia izango da aste honetako protagonistetako bat. Besteak beste, irakurle taldeen txanda izanen delako: hilean zehar liburuak hazi dira eta solasaldiaren egunean uzta jasoko dugu. Gainera aste honetan izango da Komikiak (eta euskara) hasi berrientzat taldearen lehenengo saioa.
Horrez gain Kurdistan, Hamabostaldi Libertarioaren amaiera, lurraldetasuna, ardo dastatzeak eta kontzertuak.
,

De Rerum Natura 5 izango da Komikia (eta euskara) hasi berrientzat taldeko lehenengo liburua. German eta Luis ariko dira taldea dinamizatzen. Lagun asko aritu zarete liburua irakurtzen, espektatibak ez dira txikiak. Eta ezustekoak izango dira. Ostegunean 20etan bilera gelan ikusiko dugu elkar! Ostiralean 20etan Irakurle Taldearen txandan Maria-Merce Marçal eta Emily Dickinsonen txanda izango da. Munduko Poesia Kaieretan argitaratua Itxaro Bordak eta Angel Errok itzulitako bi poeta ezinbesteko. Gogoan izan taldeok irekiak direla eta irakurtzea aski dela bertaratzeko (martxoan Bill Bryson irakurriko dugu, adibidez). Larunbatean 12etan Ekonomia Kritikoan Joan Robinson eta José Manuel Naredoren txanda izango da.

Subtitulo: 
Komikia (eta euskara) + Irakurle Taldea + Ekonomia Kritikoa
Seccion: 
Actos
,

Aste honetan amaituko da Hamabostaldi Libertarioa. Hiru hitzaurre egongo dira, asteartean Emili Kortabitarte Procés Embat-i buruz, ostegunean Pepe Uruñuela errepresioaren eboluzioari buruz, ostiralean Musika interbentziorako fronteak itxiko ditu jardunaldiak. Hirurak ere 19etan.

Subtitulo: 
Hamabostaldi Libertarioa
Seccion: 
Actos
,

Katakrakeko ardotegian Aroa Ardandegiko 3 ardo aurkeztuko dizkigu Txus Maciasek modu praktiko eta dibertigarrian. Uxueko ogi-mamiekin.
Gorde zure lekua ardotegia@katakrak.net helbidean edo deitu 948 225520ra.

Subtitulo: 
Dastatzea: Aroa ardoa + Uxueko ogi-mamiak
Seccion: 
vinoteca
,

"Lurraldetasunaren korapiloak" mahai ingurua antolatu du Iratzar Fundazioak. Hauek dira gonbidatuak: Emilio Majuelo (historialaria), Imanol Esnaola (Gaindegiako kidea), Eneritz Zabaleta (soziologoa) eta Floren Aoiz.
Larunbatean Jo &The Swiss Knife taldeak kontzertua eskainiko du 19etan.

Subtitulo: 
Ekitaldi gehiago
Seccion: 
Asteko ekitaldiak
Imagen: